Emmanuel Macronek neurriak gogortuko dituela espero da

Neurriak zorrozteko eskatu dio Frantziako Medikuen Ordenak, hirugarren olatuak bigarrena gainditu baitu Frantzian. Goizean Defentsa Kontseilua bildu du Macronek, iragarriko duena trenkatzeko.

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. LUDOVIC MARIN / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 31
12:03
Entzun

20:00etan mintzatuko da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Frantziako departamendu zenbaitetan intzidentzia tasa 1.000koa da, eta Parisko APHP ospitale sareak esan du ZIUak erabat «gainezka» daudela. APHPko medikuek diote konfinamendurik iragarri ezean artatu beharreko pazienteen artean «hautuak» egin beharko dituztela. Hilaren 18an, 16 departamendutan itxialdia agindu zuen Frantziako Gobernuak. Alta, departamendu horietan, intzidentzia ez da apaltzen, eta eskoletako kasu kopuruak gora egiten segitzen du. Atzo, Stylo Rouges (Idazluma Gorriak) irakasle taldeak Frantziako Hezkuntza ministro den Jean Michel Blanquerren kontrako salaketa bat ezarri zuen, «ikasle eta irakasleen bizia arriskuan jartzeagatik».

Frantziako hedabide nagusien arabera, hiru aukera aztertu dituzte gaur Frantziako agintariek, Emmanuel Macronek bildutako Defentsa Kontseiluan. Lehen aukera: beteta dauden ZIUetako pazienteak beste eskualdeetara garraiatzea, familiari baimenik eskatu gabe, gainezka dauden ospitaleetan presioa «apaltzeko». Kasu horretan, pazientearen familiari aterpetzea eta langabezia partziala ordainduko lioke Frantziako Gobernuak. Bigarren aukera: eskolak ixtea. Erabaki hori hartuz gero, telelana indartzeko aginduko luke Macronek. Hainbat irakaslek eta medikuk eskoletako egoera «katastrofikoa» dela adierazi dute, hala nola Sena Saint-Denis (Ile-de-France) departamenduan. Parisko Anne Hidalgo auzapezak ere galdegin du eskolak ixteko. Hala, Defentsa Kontseiluan trenkatu beharko dute, besteak beste, eskolen itxiera jada konfinatuak diren departamenduetan indarrean ezarriko duten, edo Frantziako Estatu osora hedatuko duten. Azken aukera erabateko konfinamendua ezartzea litzateke, Frantziako Estatu osoan. Orain arte, Macronek saihestu nahi izan duen aterabidea da, baina geroz eta mediku eta epidemiologo gehiagok eskatzen diote neurri hori hartzeko, egoerak ez dezan okerrera egin. Hirugarren aukera indarrean ezarriz gero, beraz, Ipar Euskal Herriko hirugarren itxialdia izango litzateke.

Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak baieztatu du goizeko Defentsa Kontseiluak «erabakiak hartu» dituztela. Erran duenez, datozen asteak «gogorrak» izango dira, baina txertaketa kanpainak «esperantza izpi bat» ekartzen duela gaineratu du. Halere, ez du informazio gehiagorik eman bilkura horretan hartutako neurriei buruz.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Pirinio Atlantikoetako intzidentzia tasak 7,6ko igoera izan du hiru eguneko tartean, 76,4tik 84ra igo baita. Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera birusaren zirkulazioa emendatzen ari da «aldaerengatik», eta «bat-bateko goratze bat» gerta daitekeela erran dute, orain arte lortutako immunizazioa apala baita Akitania Berriako Eskualdean. Oraingoz, Ipar Euskal Herrian eskolak irekiak dira, eta herritarrek etxeratze agindua bete behar dute, 19:00etatik 06:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.