Denboralea

Enbatari aurre egiteko saio ugari dira abian

Bihar eguerdian alerta laranja ezarriko dute berriro kostan, olatu handiak espero baitira. Ezohikoak ez izan arren, jada aurretik kaltetuta dagoen kostaldearen egoerak sortzen du kezka.

arantxa iraola
2014ko otsailaren 4a
08:08
Entzun

Zazpi metro inguruko olatuak espero dira bihar arratsaldean kostan. "Ez dira ohiz kanpokoak", onartu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean. Baina ja arrakalaz eta zuloz betetako itsasertz hautsira datoz. "Horrek kostako zenbait toki kalteberagoak egingo ditu". Horregatik, etenik gabeko jardunean dabiltza euskal kostako leku askotan apurtutakoak estali —konpontzeko astirik ez dago oraindik— eta bihar enbatak ekarriko dituen astinduen ondorioak arintzen saiatzeko. Arratsalderako espero da okerrena, 18:00etatik aurrera. Itsasgora iluntzean da — 20:45 aldera— eta ilunabar partean oso adi ibili beharko dela ohartarazi dute. Hartuko dituzten neurri berezien artean egongo da, esaterako, tarte horretan N-634 errepidea Zarautz eta Getaria artean itxitzea, oso hondatuta baitago eta itsasoak berriro ere hautsi egin baitezake.

Eusko Jaurlaritzak gaur lehentasunen artean jarri du kostan apurtutako dikeak "lehenbailehen" konpontzea. Batez ere, Bermeo (Bizkaia) itsasotik babesten duten murruen egoerak sortzen du egonezina, suntsituta baitaude zati asko. "Larrialdizko konponketa horiek egitea da orain eginkizun nagusia", nabarmendu du Ingurumen sailburu Ana Oregik. Tentuz jokatzeko deia egin du: "Zinez kezkatutagaude eta kosta osora dei egin nahi dugu jendeak erne jarrai dezan oraindik ere, gure defentsa asko ja hondatuta baitaude".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.