Enbeita: "Gobernua ez dut ikusten denon proposamenak entzuteko prest"

2012ko ekainaren 20a
18:29
Entzun

(Oihana Elduaien)

Bulegoko leihotik hiru bandera espainiar ikusten ditu. Ezagun da ez dagoela bere herrian. Gogotsu dago Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979). Harrituta utzi du Espainiako Kongresuko diputatuen jardunak, oilategi moduko bat iruditu baitzaio: "Txaloak jotzen dira, bat berbetan dagoenean besteak bere eserlekutik erantzuten dio bere txanda izan ez arren, jendea sartu eta irten dabil... hainbeste burokrazia gauzak egiteko, eta gauza batzuk hain errespetu gutxirekin egiten dira...Botoemaileei hori baino gehiago zor zaie". Aurreneko kontrol saioaren ostean erantzun ditu BERRIAren galderak, bulego berriko telefonotik.

Zer moduz aurreneko egunak Kongresuan? Zein inpresio egin dizu?

Alde batetik, hau burokrazia handiko lekua dela iruditu zait, eta horretara ohitu egin beharko dudala. Beste aldetik, orain arte beldur handiz ikusi ditudan gauza batzuk, ez direla hainbesterako iruditu zait. Bakoitzak bere minutuak-eta ditu hitz egiteko, eta errespetatzen dituzte txandak. Aurreneko egunak nahiko ondo joan dira. Taldekideek ondo babestuta nabil, eta polito doaz.

Arrotz sentitu zara?

Bai. Azkenean gu ez gara hemengoak. Erakunde hau ez dugu oso gure sentitzen, eta ez da oso erraza hainbeste jende eta hainbeste protokolotara ohitzea. Kargua hartzerakoan legeak aginduta zin egiten dudala esan dudanean ere zurrumurrua entzun da. Sentsazioak arraroak dira.

Zein helbururekin joan zara kongresura?

Ez da erraza helburuak markatzea, batez ere, PPk gehiengo absolutua duela kontuan hartuta. Ezingo genituzke hainbat helburu planteatu, lortzeko ezinezkoak izango liratekeelako. Baina nik, batez ere uste dut gure helburua izan behar duela Amaiurri botoa eman zieten guzti horien ilusioa hona ekartzea, aldarrikatzea herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea daukagula. Aldarrikatzea Euskal Herrian aldaketa dagoela, aldaketa nahi dugula eta badagoela gizartean gehiengo bat aldaketa sozialean eta gauzak egiteko beste modu batean sinesten duena. Nire helburu pertsonala guzti hori hona ekartzea eta hemen aldarrikatzea izango da.

Nola egingo duzu guzti hori?

Kongresu barruan ditugun bideak dira batzordeetan eta plenoetan hitz egiteko eta gobernuari galderak egiteko ditugun aukerak baliatzea. Gobernuak gehiengoa eduki arren, gure minutu eta mekanismoak ditugu galdera eta lege proposamenak egiteko. Beste aldetik, aukera daukagu beste komunitateetako alderdi politikoekin egoteko. Haiekin harremanak egin ditzakegu eta gure proiektua erakutsi. Horiek dira gure bideak, jakinda, beti ere, gure fokua Euskal Herrian dagoela.

Denbora gutxi daramazu hor, baina ez dakit astirik izan duzu zure usaimena lantzeko. Zein tankera hartu diozu Gobernuari, ba al du Euskal Herrian zerbait mugitzen hasiko diren usainik, edo gai ekonomikoetan erabat murgilduta daude?

Gaur presidentea ez da egon, kasualitatez ministro gutxi egon dira. Baina, ikusi dut egoera ekonomikoaren larritasuna ez dutela onartzen. Nik ez dut esaten gobernuak ez dakienik egoeraren berri. baina ez du onartzen egoera, ez du onartu nahi erreskate bat egon denik. Horrek asko esaten du Gobernu bati buruz. Zeozelan ezkutatu egiten du egoeraren larritasuna herritarren aurrean, eta hori oso larria dela uste dut. Bestetik, gurekin daukan jarrera dago. Sabino Cuadrak galdera bat egin du German Rodriguezen hilketaren inguruan eta 1978ko sanferminen inguruan. Gallardonek horri erantzun ordez, Hipercorreko atentatua eta beste hainbat gauza bota dizkio aurpegira. Ikusten da gobernua jarrera itxian dagoela. Barrera muntatu du. Eta ez du ematen, nire usaimenak behintzat hala dio, hortik aurrera pausurik emateko prest dagoenik. Ez dut uste denon proposamenak entzuteko prest dagoenik. Agian denborak arrazoia kenduko dit, baina...

Iñaki Antiguedadek aholkurik eman al dizu?

Aholku zuzenik ez dit eman. Behin talde osoa bazkaltzen egon ginen, eta berak esaten zuena da hemen bakoitzak bere marka ipini behar diela interbentzioei. Beldurrik gabe hitz egiteko esan zuen. Gai garela gure mezua emateko, eta hori dela egin beharrekoa.

Zure markak izango al du bertsotik ezer?

Kar kar! Ez da izango erraza hemen bertsotan hastea, baina uste dut bertsoen ezaugarri batzuk badaudela hemen. Interbentzioek zuzenak izan behar dute, jendeak ulertzeko modukoak, eta gero, bat-batean erantzuteko gaitasuna ere beharko da. Beraz, bertsotan ikasitakoak balioko du hemen aplikatzeko.

Zerk eraman zaitu politikara jauzia egitera?

Nik uste dut sistema bat benetan demokratikoa denean, gu baldin bagara gure etorkizuna eta gure herriaren antolaketa erabakitzen dugunak, ez genukeela konplexurik eduki beharko, modu aldakor batean, lau urtetik behin aldatzen den modu batean, politikan aritzeko. Nik sinesten dut Amaiurren proiektuan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko proiektuan, eta burujabe izatekoan. Hau bizi dut, eta une honetan nire konpromisoak Madrilera ekarri nau. Orain proiektua Madrilen defendatzea egokitu zait. Hau amaitzen denean agian tokatuko zait herriko organismo sozial batean sozioekonomiako proiektu bat adostea edo osatzea. Eta horretarako ere prest egongo naiz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.