Atxiloketa

Eneko Gogeaskoetxea atxilotu dute Ingalaterran

Familiarekin bizi zela esan du Espainiako Barne Ministerioak. Lehen informazioen arabera, agiri faltsuak zituen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du Gogeaskoetxearen eta Dergiren atxiloketekin gatazka betikotu nahi dutela. Dergi gaur eramango dute epailearen aurrera.

2011ko uztailaren 7a
19:14
Entzun

Guardia Zibilak eta Londresko Poliziak elkarrekin egin duten operazioan, Eneko Gogeaskoetxea gernikarra atxilotu dute gaur goizean, Cambridgen (Ingalaterra). Lehen informazioen arabera, agiri faltsuak zituen, baina atxilotua Gogeaskoetxea dela baieztatu du Poliziak.

Polizia iturrien arabera, aspalditik ari ziren haren bila, eta ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatzen diote. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, ordea, Cambridgen aspalditik bizi zela jakinarazi du, familiarekin. Espainiko Auzitegi Nazionalak Gogeaskoetxea atxilotzeko hainbat eskaera zituen luzatuta.

Atzo Daniel Dergi atxilotu zuten Frantzian, hori ere ETAkoa delakoan. Gaur Agengo Apelazio Auzitegian deklaratua beharko du. Bi atxilotuei eta euren senideen elkartasuna azaldu die Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

AAMk ohar baten atxiloketak salatu ditu, gatazka betikotzea helburu dutela esanez: "Euskal Herrian prozesu demokratikoa abian da. Atzera bueltarik ez duen aro politiko berri batean aurrera urratsak ematen ari gara, non bakea eta benetako egoera demokratikoa erdiesteko aukerak ireki diren. Espainiako eta Frantziako gobernuak ez daude gustura Euskal Herrian ematen ari diren aldaketekin. Errepresio eta gatazka egoera betikotu nahi dute gure herrian, beraiek erosoen daude eszenatokia hori baita".

Gainera, nazioarteko estatuek bestela jokatu behar duela iritzi dio AAMk, errepresioarekin amaitzeko presio eginez, torturak amaitzeko, eta Euskal Herrian garatzen ari den prozesu demokratikoan laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.