Londresko Auzitegi Nagusiak Eneko Gogeaskoetxea (Gernika-Lumo, 44 urte) Espainiaratzeko baimena eman du gaur, defentsaren helegitea atzera botata. ETAko kidetzat jota, 2011ko uztailaren 7an atxilotu zuten, Cambridgen (Erresuma Batuan). Han bizi zen duela lau urtetik, neska-lagunarekin eta haurrekin.
90eko hamarkadan egindako hamabost "terrorismo" delitu egozten dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak Gogeaskoetxeari, eta horiengatik eskatua zuen ustezko etakidea estraditatzea. Besteak beste, 1997ko urrian Bilbon Guggenheim museoaren inaugurazioan Juan Carlos Espainiako erregea hil nahi izana eta ertzain bat hiltzea leporatzen dio Auzitegi Nazionalak.
Defentsak orain Londresko Auzitegi Gorenera jotzeko aukera du.
Urtarrilean, Londresko Westminsterko Auzitegiak Espainiaratzearen aldeko erabakia hartu zuen, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen, esanez Gogeaskoetxearen aurkako akusazioak atxilotu batek inkomunikazio garaian egindako testigantzan oinarritzen direla.