Lagun eta senideen bisitak jasotzeko izaten dituen arazoak salatzeko, Eneko Gogeaskoetxea euskal presoa (Gernika-Lumo, 1967) atzotik gose greban dago Erresuma Batuko kartzela batean, Belmarsh-en, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. "Bisitekin duen arazoa aspalditik datorren arren, egoerak okerrera egin du, azken bost asteetan senide eta lagunek hiru bisita galdu dituztelako", dio Etxeratek. Presoak espetxeko zuzendariari gutun bat bidaliko dio egoera salatzeko eta hori alda dadila eskatzeko.
Belmarsh-ko kartzelako baldintzak "oso zorrotzak" direla salatu du Etxeratek. "Senide eta lagunok maiz zigortzen gaituzte aitzakia ezberdinekin, bisitarik gabe utzita. Baina Eneko Gogeaskoetxearen kasuan bereziki gogorra da Euskal Herritik hain urrun egonda, eta bertara joateko gastuak eta behar den denbora kontutan hartuta".
Euskal preso hark astean hiru ordu ditu bisitak jasotzeko. Itzultzaile bat eskatzen du idatziz eta, hori eskatu arren eta bertan itzultzailea edo grabatzailea izango dela baieztatu arren, senideak-eta bisitara iristen direnean itzultzaile edo grabatzailerik gabe izaten dira, eta bisitarik gabe geratzen dira.
Gogeaskoetxea iazko San Fermin egunean atxilotu zuten, Cambridgen (Erresuma Batua), ETArekin lotuta. Han bizi zen azken urteetan, izen faltsuarekin eta familiarekin. Londresko Auzitegi Nagusiak maiatzean Espainiaratzeko baimena eman zuen. Hamalau "terrorismo delitu" egozten dizkio Espainiak.