Atxiloketak

Eneko Ostolaza kartzeleratzeko agindu du epaileak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak Eneko Ostolaza markinarra espetxeratzeko agindua eman du, baldintzarik gabe. Ostolazak gaur deklaratu du epailearen aurrean, inkomunikatuta. Askatasunak salatu duenez, ez dute jakinarazi Ostolaza zein espetxetara eraman duten. Gazteak berak espetxetik etxera deitu duela jakinarazi dute, baina zein kartzeletan zegoen ez zekiela esan duela. Bestalde, 19 urteko Aitor Mugartegi Graña, atxilotu zuen atzo gauean Guardia Zibilak Berriatuan (Bizkaia).

2005eko apirilaren 1a
20:12
Entzun
Joan zen asteartean atxilotu zuen Guardia Zibilak Eneko Ostolaza 23 urteko markinarra, Arrasaten. ETArekin lotura izatea egotzi zioten gazteari, orduan, delitu zehatzik aipatu gabe. Gaur arte inkomunikatuta egon ostean, gaur eraman dute epailearen aurrera, inkomunikatuta, eta hark, Ostolaza kartzeleratzea agindu du. Berri agentziak zabaldu dutenez, Ostolazak bost kale eraso egin zituela uste du poliziak.

Beste atxiloketa bat

Atzo, 22:40etan atxilotu zuten Mugartegi, eta ondoren, goizaldean haren etxea miatzen jardun dute guardia zibilek. Madrilera, Guardia Zibilaren egoitza nagusira, eraman dute gaztea.

Bizkaian egin dituzten atxiloketekin zerikusia duela agertu dute polizia iturriek. Zehazki, ETArekin harremana izatea eta kale erasoetan parte hartu izana egozten diote.

Guardia Zibileko iturrien arabera, joan den astean Ermuan kontrol batean atzeman eta egun espetxean dauden Iker Legarra eta Mikeldi Zenigaonandiaren atxiloketekin du zerikusia Mugartegirenak. Hain justu, beste bi gazte ere atxilotu dituzte operazio horretan: asteartean Eneko Ostolaza markinarra Arrasaten (Gipuzkoa), eta atzo Xabier Erkiaga Lekeition (Bizkaia).

Polizia iturrien arabera, joan den astean Legarra eta Zenigaonandia atxilotu zituztenean, ETAren Zutabe aldizkariaren 50 bat ale zeramatzaten autoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.