Energia berriztagarrien alde egiteko eskatu diete Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari

Energia berriztagarriek gainerakoak ordezkatzeko ahalmena dutela esan dute ELAk eta Greenpeacek

Mikel Carramiñana.
2007ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Dagoeneko, munduko herrialde gehienetako agintariak ohartzen hasi dira klima aldaketaren sorburuan erregai fosiletan oinarritutako energiaren ustiapen masiboa dagoela. Ingurumenari egindako kalteak itzulezinak ote diren, ordea, zalantzan jartzen dute adituek. Garapen iraunkorra ahalbidetu dezaketen energien aldeko apustu garbia da konponbide bakarra Greenpeace elkartearen eta ELA sindikatuaren ustez eta, horregatik, orain arteko politikak baztertu eta energia berriztagarrien alde egiteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Energia Iraultza: Energia berriztagarrien ahala EAEn eta Nafarroan izeneko txostena aurkezteko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, Mikel Noval ELAko politika sozialeko arduradunak, Juan Lopez Uralde Greenpeaceko presidenteak eta Janire Dominguez ELAko ingurumen arduradunak. Hego Euskal Herriko lurraldeetan 2050. urtean izango den energia eskaeratik energia berriztagarriek ase dezaketen zenbatekoa neurtzea izan da txostena egiteko helburuetariko bat eta, horrez gain, bestelako energia iturririk garatzea beharrezkoa ote den jakitea.

Ondorio garrantzitsua plazaratzen du elkarte ekologistak eginiko azterketak: Hego Euskal Herriak etorkizunean izango duen energia eskera guztiari erantzuteko nahikoak lirateke energia berriztagarriek eskain dezaketena. Novalek esan zuenez, «jarrera ekologista ez ezik», iturri berriztagarrien aldekoa «jarrera errealista» dela frogatzen du horrek.

Ikerketak erakunde desberdinek eginiko demografiari eta energia-kontsumoari buruzko aurreikuspenak aintzat hartu ditu eta, horien arabera, lurralde bakoitzean gara daitezkeen energia berriztagarriak sortzeko azpiegiturak irudikatu ditu. Gainera, txostenak aztertzen dituen hamar energia motak ustiatzeko teknikak «gaur egun erabil daitezkeenak» direla ohartarazi zuen Greenpeaceko Juan Lopez Uraldek. Elkarte ekologistak laster aurkeztuko duen beste ikerketa baten emaitzekin, energia berriztagarriak «errentagarriak» ere izan daitezkeela erakutsi ahal izango dute.

Hego Euskal Herrian erabiltzen den energia guztia berriztagarria izatea, Greenpeacekoak azaldu zuenez, «gizartearentzat onuragarria da eta teknikoki bideragarria da». Txostenaren arabera, 2050erako aurreikusitako elektrizitate eskaria 17 aldiz dezakete energia berriztagarriek eta, horrez gain, energia eskari guztiak betetzeko ahalmena dute, lau aldiz Nafarroan eta bi aldiz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.



NUKLEARRIK EZ. Enpresa eta gobernuek ez dute, ELAko Janire Dominguezek salatu zuenez, energia iturriak ordezkatu beharra kontuan hartzen eta, horren ordez, «milioika euro inbertitzen dituzte energia eredu eutsiezinetan, hala nola, gaizki deitutako ikatz garbian, karbono-hobietan edota zentral nuklear berriak eraikitzen». Horren harira, Lopez Uraldek energia mota horren arriskuak nabarmendu zituen: «Hamarkadatan ez dute hondakin erradiaktiboetarako konponbiderik topatu, istripu larriak gerta daitezke eta, esaten dutenaren kontra, iturri mugatua da, munduan oso uranio gutxi dagoelako». Era berean, Garoñako zentrala ixteko eskatu zion Madrilgo Gobernuari.

Bestalde, Europako Batasuneko kideek adostutako neurria gogorarazi zioten Eusko Jaurlaritzari. Herrialde kideek 2020. urtean erabiliko duten energiaren %20 iturri berriztagarrietatik lortu beharko dutela onartu berri dute eta, horren aurrean, Jaurlaritzaren Ingurumen Plan berriak energi berriztagarri batzuk «gutxiesten» eta beste asko ez dituela kontuan hartu ere giten salatu zuen Greenpeacekoak. Adibide gisa, eguzkiaren energia termikoa aipatu zuen: «EAEn erabil daitezkeen artean ahalmen handiena dauka eta Jaurlaritzak ez du ezta aipatu ere egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.