zentral nuklearrak

Energia hornitzailea aldatzeko kanpaina abiatuko du Araba Garoñarik Gabe-k

'Garoña ez, Iberdrola Ez' kanpaina jarriko du martxan, zentral nuklearrarekin loturarik ez duten hornitzaileak kontratatzearen alde. Elkarretaratzera deitu dute larunbat eguerdirako.

Garoñaren irekieraren aurkako protesta, martxoan. RAUL BOGAJO, ARP
2014ko azaroaren 6a
14:28
Entzun

Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak adierazi duenez, Iberdrolak "bizkarra eman dio" Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espania) irekieraren aurka agertu den "gehiengo" bati, eta salatu du konpainiak, Edesarekin batera, 2031. urtera arte zentrala irekitzeko eskaera egin duela.

Friasen arabera, Iberdrolaren erabakiak "arriskuan" jartzen ditu zentral nuklearraren inguruan bizi direnen "segurtasuna eta etorkizuna", eta Araba ezin da horren aurrean "hotz" geratu. Hori dela eta, Garoñari "lotuta" ez dauden energia hornitzaileen alde egiteko deia egin die herritarrei, eta energia berriztagarriak aukera ditzatela.

Plataformak elkarretaratzera deitu du larunbaterako Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, 12:00etan. Mosaiko bat osatuko dute, eta, horrela, hasiera emango diote Garoña ez Iberdrola ere ez kanpainari. Ondoren, Iberdrolak Cercas Bajas kalean duen egoitzaraino giza kate bat osatuko dute. Kanpainarekin Arabako herritarren "gehiengoak" Garoñaren irekieraren aurka duen jarrera bistarazi nahi du plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.