NAFARROAKO GOBERNUA

Enplegu plana, hezkuntza ituna eta itxaron zerrendak murriztea: Txibiteren lehen erronkak

Datozen ehun egunetan aplikatuko dituen 160 proposamen jasotzen dituen txostena aurkeztu du Nafarroako lehendakariak.

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, atzo, legebiltzarrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko irailaren 13a
08:02
Entzun

Bidea egiten hasi nahi du Maria Txibiteren gobernuak. Agintaldiko lehen hilabeteetan aplikatuko dituzten «lehentasunezko» 160 neurri jasotzen dituen txostena aurkeztu du gaur. Zehazki, proposamen horiek datozen ehun egunetan martxan jartzeko konpromisoa hartu du lehendakariak, «Nafarroaren aurrerabidean» sakontzeko xedez.

Ekinbide horietako batzuk nabarmendu ditu Txibitek; besteak beste, 2020-2024 eperako Enplegu Plana. Lehendakariaren esanetan, «elkarrizketa sozialean» oinarrituko da egitasmoa, «asmo eraikitzailea duten eragile ekonomiko eta sozial guztien parte hartzeaz».

Osasunbidean itxaron zerrendak murrizteko plan bat iragarri du, eta baita «unibertsitate graduetako lehen matrikulazioetan doakotasuna bermatuko duen beka sistema berri bat» ere, baina ez du zehaztasun gehiago eman: «Departamentu bakoitzak landu eta garatu beharreko proposamenak dira; orain jarriko ditugu martxan, baina batzuek denbora gehiago beharko dute». Unibertsitateko beken puntuan, esaterako, gobernuaren helburua da sistema berria abian egotea 2020-2021eko ikasturterako; «baina ezin dugu ziurtatu», erantsi du.

Trafiko eskuduntzak

Txostena aurkeztearekin batera, hauteskunde kanpainan iragarritako zenbait neurri betetzeko konpromisoa ere agertu du Txibitek: besteak beste, berretsi du «konponbidea» emanen diola amatasunagatik errenta zerga berreskuratu nahi duten amen auziari, «urtea bukatu baino lehen».

Hezkuntzaren inguruko itun sozial eta politikoa ere sustatuko du, eta iaz zeresana eman zuen beste auzi bati ere heldu nahi dio lehendakariak: trafiko eta bide segurtasuneko eskuduntzen transferentzia: «Espainiako Gobernuarekin batzartu, eta tramiteak arinduko ditugu».

Lurraldea egituratzeko «estrategikotzat» jotzen dituen proiektuen artean, Txibitek lehentasuna emanen dio Nafarroako Ubidearen bigarren faseari.

Euskarari eta hizkuntza politikoari, ordea, apenas egin dion aipamenik. Puntu bakarra aipatu du: administrazioan euskararen erabilera arautzeko Foru Dekretua «aztertu» nahi dute, eta lantalde bat sortu dute horretarako. Urtebeteko epean, lantalde horrek prest izanen du diagnostiko bat, «egin beharreko aldaketak egiteko». Lehendakariaren esanetan, gobernuaren helburua da «euskararen inguruan kontsentsu sozial, politiko eta sindikalik handiena lortzea».

Navarra Sumaren jokabideaz

Navarra Suma koalizioak legebiltzarreko osoko bilkuran erakutsitako jarrera oldarkorraz ere mintzatu da Txibite. «Aspaldi abandonatu zuten zentraltasun politikoa. Ez dut uste oposizio estilo bortitz eta errespeturik gabeko horrek mesede egiten dienik, baina eurek ikusiko dute zer-nolako politika egin nahi duten». Parlamentuko talde guztiekin «hitz egiteko borondatea» agertu du Txibitek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.