Transferentzien Batzorde Mistoa atzo goizean bildu zen Lehendakaritzako egoitzan, enplegu politika aktiboen transferentzia sinatzeko. Espainiako Gobernutik Manuel Chaves ministroa egon zen izenpetze ekitaldian, eta Jaurlaritzatik Rodolfo Ares, Carlos Agirre, Pilar Unzalu eta Gemma Zabaleta sailburuak. Joan den irailaren 22an EAJk eta Espainiako Gobernuak hitzartutako akordioaren barnean jasota zegoen enplegu politika aktiboen transferentzia Jaurlaritzari eskualdatzea. EAJk Espainiako2011ko aurrekontuak babestearen truke, Zapateroren gobernuak hogei eskumen eskualdatuko dizkio Jaurlaritzari, eta beste zazpi aztertzeko konpromisoa hartu du.
Hain justu ere, politika aktiboen transferentzia eskualdatzea Espainiako Gobernuak Estatutua «osorik garatzeko» duen konpromisoaren erakusle dela esan du Chavesek. Honezkero, transferentzia hori erkidego guztiei eskualdatu zaiela nabarmendu du ministroak, eta, horrela, autonomien estatua «indartuta» atera dela.
Enplegu politika aktiboen eskumena urtarrilaren 1etik aurrera kudeatuko du Lopezen gobernuak. Azaroaren 23an, gainera, Lan Ikuskaritza aztertzeko Bitariko Batzordea bilduko da Madrilen. Hori horrela, sozialistak Ajuria Eneara iritsi zirenetik Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua garatzeko ezarri zuen «bide orria» betetzen ari dela azpimarratu du Lopez lehendakariak. Bide orri horren «hasiera» da politika aktiboak eskualdatu izana,beste eskumenak negoziatzeko bidean daudelako, Lopezen esanetan.
EAJk eta PSOEk egindako akordioaren ondorio da enplegu politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku egotea, baina lehendakariak argi utzi du aurrerantzean Jaurlaritzari dagokiola eskumen hori kudeatzea, ez beste inori. «Badakit zarata handia dagoela protagonistaren eta egileen inguruan, baina horren gainetik Euskadiren interesak daude, eta horiek defendituko ditut nik». Lortutako akordioarekin herritarrek irabazi egin dutela uste du Lopezek, aurrerantzean enplegua sortzeko eta langileen formakuntza bultzatzeko tresna berria izango dutelako.
PSE-EE gobernuan sartu zenetik eskumen hori lortzea lehentasuna izango zuela gogorarazi du, eta «ongietorria» eman die «orain» eskakizun horrekin bat egin dutenei. Gernikako Estatutuaren inguruan adostasuna berreskuratu izana «pozgarria» dela esan du. Horregatik uste du baikorra dela EAJren eta PSOEren arten lortutako akordioa, «Euskadirentzat» ona delako transferentziak lortzea.
Hala ere, orain arte eskumen hori eskualdatzea posible izan ez bada, EAJren jarreragatik izan dela gaineratu du Chavesek, enplegu politika aktiboak ez ezik, pasiboak ere aldarrikatzen zituztelako jeltzaleek. Eta jeltzaleen jarreran egon den «erabateko irauliak» ahalbidetu du orain akordioa lortzea, haren hitzetan. Horrez gain, azpimarratu du kontratazioa sustatzeko enpresei egiten zaizkien kotizazioen hobariak kontuan hartzeak ez duela « ez Espainia, ez Konstituzioa, ez Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra apurtzen».
Langileen eredu propioa
EAJri dagokionez, berriz, Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidenteak argi utzi du enplegu politika aktiboen kudeaketa Eusko Jaurlaritzari dagokiola baina eskumen hori jeltzaleek eskuratu dutela. «EAJ ez da egon Batzorde Mistoaren argazkian, baina eskumenaren kopuruaren negoziazioak jeltzaleen esku egon dira azken unera arte», esan du.
Aralarren ustez, berriz, enplegu politika eraginkorrak egiteko politika aktiboak eta pasiboak uztartzea ezinbestekoa da, baina oraingoan, politika pasiboak alde batera utzi dira. «Gaurko [atzoko] sinadurak agerian utzi du estatuko enplegu politiken deszentralizazio hutsa dagoela eta euskal langileak eredu propioa garatzeko aukerarik gabe geratu direla».
Bestalde, ELA sindikatuak salatu du «propaganda ofizialetik» harago, euskal langileari egokitutako politika propioei uko egin zaiela akordioarekin. Euskal langileriarentzat albiste txarra da sinatutako akordioa, eskumena «matxuratuta» etorriko delako, eta horren truke lan eskubideak murriztuko dituelako Espainiako Gobernuak, ELAren ustez.
LABen arabera, euskal herritarrei «garesti» aterako zaie enplegu politika aktiboen inguruko ituna: batetik, EAJren babesarekin Espainiako lan erreforma aurrera aterako delako, eta, bestetik, berezko enplegu politikarik ez dutelako izango euskal langileek.