Ostiralean "txiroagoak izango gara". Irakurketa hori egin du Pello Gibelalde Adegiko presidenteak biharko deituta dagoen greba orokorraren inguruan: "Ez dute ezer konpontzen lehiakortasunari eta enpresek, langileek eta gizarteak behar dutenari dagokionean".
Donostian eginiko agerraldi batean, "enpresak mantentzearen edo zulora joatearen artean" aukeratzeko eskatu die Adegik langileei. Proposamen ekonomiko eta sozialen inguruan hausnarketa bat egitera deitu du, eta erantsi du egoerak ez duela "amaiera onik" izango "ez badugu ematen eman behar dugun guztia".
Greba orokorrek "konfrontazioaz aparte ez diete ekarpen positiborik egiten enpresei, langileei, familiei ezta gizarteari ere", Gibelaldek esan duenez.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaz ere jardun du. Esan du diputazioak Adegiri ematen dion tratua ez dela "egokiena".
Azkuna: grebek "ez dituzte gobernuak kentzen"
Biharko greba orokorraren kontra hitz egin du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak ere. Sindikatu guztien babesa ez duten grebek "ez dituzte gobernuak kentzen, elementu publikoak apurtu eta jendea bere onetik ateratzeko baino ez dute balio", haren iritziz.
Galdera egin die sindikatuei: "Uste dute hurrengo egunean Eusko Jaurlaritzak dimisioa eman edo bere politika aldatuko duela?". Halaber, esan die "boterea nahi badute, hauteskundeetara aurkez daitezela". Azkunak adierazi du EAJrena dela sindikatuen jardunaren "erruaren zati bat", iritzita "30 urtean etengabe amore eman" duela sindikatuen aurrean.