Iruñerriko Landaben industrialdean egoitza duen Koxka konpainiako langileek enpresaren azken eskaintza bozkatu dute gaur, erreferendum bidez. Eskaintzaren kontra 236 boto izan dira, eta alde 163; 12 boto zuri ere izan dira. Nolanahi ere, konpainiaren Espainiako Estatuko gainerako lantegietan aldeko botoa nagusitu da (aldeko 310, kontrako 250 eta 15 zuri, orotara), eta hori da erabakigarria izango dena. ERE enplegua erregulatzeko espedientearen gaineko negoziazioetan ez dute egunotan akordiorik lortu zuzendaritzak eta enpresa batzordeak. Horiek hala, Landabengo langileek greban segituko dute. Ostiralean auziaz erabakia hartuko du Espainiako Gobernuak. 275 langileren lanpostuak daude jokoan.
275 lanpostu horietatik, 230 Nafarroa Garaian galduko lirateke, Landabengo plantan (191) eta Azkoiengoan (39), eta gainerako 45ak Koxkak Bilbon, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta Madril eta Sevillan (Espainia) dituen lantegietan.
CCOO eta UGT sindikatuek afiliatuekin atzo egindako bilkuretan Koxkako zuzendaritzak eginiko azken eskaintza onartu zuten, eta gainerako langileek parte hartuko zuten bozketara eramatea erabaki zuten. Landabengo plantako enpresa batzordea UGTko sei ordezkarik, CCOOko bostek, LABeko hiruk, ESK-ko bik eta ELAko batek osatzen dute.
Herenegun bildu ziren Koxka enpresako zuzendaritza eta Landabengo plantako enpresa batzordea. Nafarroako Gobernuko Lan Saileko ordezkari bat ere izan zen bileran, bitartekari lanak egiten. Enpresak 275 langile kaleratzeko aurkeztu duen ERE enplegua erregulatzeko espedientearen inguruko adostasuna lortzea zuten helburu. Bilerak luze jo zuen arren -—arratsaldeko lauretatik goizeko 2.30 arte—, ez zuten inolako akordiorik lortu.
"Dagoeneko ez da negoziaziorako tarterik geratzen", azaldu zuen atzo CCOOko Metal arloko idazkari nagusi Jose Ramon Fernandezek.
Bi alorretan dituzte ezadostasun nagusiak enpresak eta langileen batzordeak. Batetik, batzordeak espedientearen bidez Landabengo Koxka lantegitik kaleratu nahi dituen langileetatik 191 boluntarioak izatea galdegiten du.
Haatik, enpresak sindikatuei adierazi die boluntario aski ez badago kaleratuak egongo direla.
Horrez gain, kalte ordainen gainean ere ez dira ados jarri. Langileen batzordeak gutxienez 14.000 euro eskatzen ditu enpresa utziko duen langile bakoitzarentzat. Eskakizun horri muzin egin dio enpresako zuzendaritzak.
Ekonomia
Enpresaren azken eskaintza errefusatu dute gaur Koxkako langileek, baina konpainiaren gainerako lantegietan onartu dute
Egunotan Iruñean eginiko negoziazioetan enpresako zuzendaritza eta langile batzordea ez dira bat etorri ERE enplegua erregulatzeko espedientearen gainean. Enpresako sindikatu nagusietako CCOO eta UGTko afiliatuek atzo onartu zuten eskaintza, eta gaur Landabengo plantako langileek errefusatu arren, Espainiako Estatuko gainerako lantegietako aldeko botoa nagusitu da. Lanbabenen greban jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu