Kanpoko portuan enpresak izango direla eta proiektua finantzatzen lagunduko dutela. Pasaian (Gipuzkoa) portu berria egiteko bermea baduela adierazi du portuko agintaritzak. Administrazio kontseiluak bilera egin zuen atzo, eta portuko enpresek azaldutako asmoen berri jakinarazi zuten.
«Fideltasun konpromisoak» hartu dituzte enpresa pribatuek, portuko agintaritzaren arabera. «Portu berrira joan nahi dutela adierazi dute». Miguel Buen buru duen erakundeak esan du dagoeneko lantegiek adierazi dutela zenbateko lekua nahiko luketen kanpoko portuan, eta zenbateko lan karga espero duten ere zehazten hasiak direla batzuk. Hori ikusita, proiektua zuritu du portuko agintaritzak: «A priori, bermatuta dago portu berriaren okupazioa». Areago, proiektua finantzatzeko prest agertu dira lantegiak. Horretarako prest dauden enpresentzako protokolo bat prestatu du portuko agintaritzak.
750 milioi euroko aurrekontua dute Pasaian kanpoko kaia egiteko lanek, eta 100 hektareako eremua egitea espero dute. Hasierako planaren erdia da hori, diruari eta eremuari dagokionez; 1.500 milioi euro jartzea zuten hasierako asmoa. Krisi ekonomikoa eman zuen agintaritzak proiektua estutzeko arrazoi gisa. Egitasmo berriaren arabera, egungo portuak baino 30 hektarea gehiago soilik izango lituzke berriak, nahiz eta agintaritzak dioen oraingoaren «eraginkortasun bikoitza» izango duela. Txikiagoa izango da portu berria, baina Jaizkibelgo itsaslabarrari kalte egingo dio, hala ere.
Kanpoko portua eginda ere, barrukoa berritzeko lanekin aurrera jarraitzen du agintaritzak, eta atzo beste protokolo bat onartu zuen, Espainiako Sustapen Ministerioarekin sinatutako ituna aldatzeko. Hartara, obra gehiago egin nahi dituzte barruko kaian: Jaizkibel draga berrituko dute, Lazo aldean beste pabilioi bat eraiki, eta portu inguruko eraikin zenbait eraberritu. Espainiako Gobernuak oniritzia beharko dute du lan horiek guztiek.
Bestalde, portuko zamaketa lanen ardura aldatu egingo dute. Enpresa pribatuak izango dira zamatzeen kudeatzaile, orain arteko elkartea desagertu eta gero.
Portuan jarduna badela nabarmendu du agintaritzak, eta datuak eman ditu horren erakusgarri: hilabetea amaitu gabe, iazko otsailean baino %23 tona gehiago igaro dira Pasaiako portutik.
Buenek karguan segituko du
Dimisio eskariei entzungor egin, eta Miguel Buenek iragarri du portuko agintaritzako presidente karguan segituko duela, nahiz eta PSE-EEren hautagaia den Gipuzkoako ahaldun nagusitarako. Ezker Batuaren Pasaiako zinegotzi Xabier Pombok eskatu zion uzteko kargua. Buenek argitu du apirilaren erdialdera arte behintzat segituko duela presidente.
Enpresek portua finantzatuko dutela dio Buenek
Pasaiako kanpoko kaian izango direla baieztatu dute enpresa batzuek, portuko agintaritzak berri eman duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu