Europako Parlamentuak bi txosten onartu ditu, enpresa pribatuetan eta politikagintza profesionalean emakumeen presentzia handitzeko eskatzen dutenak. Lehen txostenaren arabera, 2020rako, emakumeek %40 izan behar lukete enpresa pribatuetako goi karguen artean. Bigarren txostenak, berriz, bizitza politikoan emakumeen presentzia handitzeko neurriak eskatzen ditu.
Burtsan jokatzen duten enpresen zuzendaritza karguetan emakumeen parte hartzea handitzeko asmoa atzetik dator. Enpresa pribatu nagusien zuzendaritza karguetan %12 baino ez dira andrazkoak Europan. Parlamentuak iazko martxoan iragarri zuen urratsak egiteko asmoa, eta, atzo, txostenak onartuta gauzatu zen. Enpresa pribatuetan kuotak ezartzea eskatzen duen testua tarte handirik gabe onartu zen, hala ere: 361 parlamentarik eman zuten aldeko botoa, eta 268k kontrakoa. Emakumeen eta gizonen soldaten artean %17ko aldea dagoela eta alde hori ere murriztu egin behar dela adierazi du parlamentuak.
Finlandiako kontserbadoreek aurkeztu dute bizitza politikoan emakumeen parekidetasunean urratsak egiteko eskatzen duen txostena. Europako parlamentuetan emakumeak %24 baino ez direla adierazi dute. Andrazkoek politikagintza profesionalean duten ikusgarritasuna handitzea onartu du parlamentuak, eta bide hori egiteko andrazkoei lehentasuna emango dieten neurriak eskatu ditu. Neurri horiek finantzatzea ere galdegin du.
Enpresetan emakumeak %40 izateko, kuotak eskatu ditu Europak
Politikagintza profesionalean andreen presentzia handitzeko neurriak eskatu dituzte europarlamentariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu