Euskal presoak

Enrike Letona arrasatearra aske utziko dute gaur, 12.000 euroko bermepean

Enrike Letona Arrasateko presoa aske utziko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako bermea ordaindu ondoren. Letonaren senideek atzo jakin zuten berria, presoak berak telefonoz hots egin zienean. Auzitegi Nazionalak 12.000 euroko bermea ezarri dio Letonari eta, haren senideek, bermea atzo bertan ordaintzen saiatu baziren ere, ezin izan zituzten beharrezko tramiteak burutu. Hori dela eta, goizean bermea ordaindu ostean, Letona gaur bertan aske geldituko delakoan dira.

2003ko abenduaren 18a
11:42
Entzun
Uztailaren 31z geroztik Valdemoroko espetxean da Enrike Letona. Aurrez, baina, hamasei urte egin zituen Espainiako espetxeetan preso. Zigor osoa beterik zuela eta, Letona maiatzaren 16an utzi zuen aske Auzitegi Nazionalak. Baina bi hilabete eta erdi besterik ez zituen egin aske, uztailaren amaieran berriz atxilotu baitzuen Ertzaintzak, orduan ere Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta ondoren espetxeratu egin zuten. 1981. urtean gertatutako atentatu batean parte hartzea leporatu zion Auzitegiak eta, auzia ikertu bitartean, espetxeratuta izatea erabaki zuen. Akusazio hura, baina, 16 urteko espetxealdian kitatua zuen.

Kasuaren larritasuna salatzeko asmoz, Arrasateko hainbat eragilek plataforma bat sortu zuten Letona bigarrenez atxilotu zutenean hura aska zezaten eskatzeko: Enrike Letona Askatzeko Bilgunea, hain zuzen ere. Osaketa indartsua lortu zuen, gainera, bilguneak. Izan ere, EAJ, EA, Aralar, Ezker Batua eta Zutik talde politikoek, Herri Anitza herri plataformak, ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Etxerat-ek, eta gizarte, kultura zein ekonomia munduko kideek osatzen zuten taldea. Bai bilguneak bai Arrasateko Udalak antolatuta, hainbat ekimen egin dituzte azken egunotan Enrike Letona aske uzteko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.