Euskal Presoak
Enrike Letona aske utzi dute, 12.000 euroko bermepean
Atzo Arrasaten Guardia Zibilak atxilotu ostean, gaur 12.000 euroko bermepean aske geratu da Enrike Letona preso ohia. Atzo arratsaldeko 20:45ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Letona, etxe aldaketa egiten eta etxe berrira gauzak eramaten ari zela. Bere senideek "Berria.info"ri esan diotenez, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten Guardia Zibilek eta gaur arratsaldeko 15:30etan bermepean aske utzi du Baltasar Garzon epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Guillermo Ruiz Polancok joan den ostiralean eman zuen atxilotzeko agindua. Iazko uztailaren 31ean ere atxilotu zuen Ertzaintzak, eta ia bost hilabetez espetxean eman ostean, 12.000 euroko bermepean aske geratu zen berriro.
Letona 1987an Bildozen atxilotu zuen Frantziako Poliziak, beste hainbat lagunekin batera, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten, 1979tik 1983ra bitarte egindako hainbat atentatutan parte hartu izana egotzita. Hamasei urtez espetxean egon ondoren, izako maiatzean aske atera zen Letona, zigor osoa beteta. Uztailaren 31ean, berriz, berriro atxilotu zuen Ertzaintzak, 1981ean egindako atentatu batean parte hartu izana egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionalak sumario berri bat ireki zion kasu horregatik Letonari. Bost hilabetez kartzelan egon zen eta 12.000 euroko bermepean aske atera zen abenduan. Senideek "Berria.info"ri gaur jakinarazi diotenez, atzoko atxiloketak beste sumario baten irekierarekin zerikusia izango luke, baina senideek jakinarazi dute ez dakitela zein den Arrasateko preso ohiari leporatzen zaion delitua. Euskadi Irratiak arratsaldean esandakoaren arabera, 1981ean Bilbon Guardia Zibilaren aurkako atentatu batean parte hartu izana egotzita ireki diote sumario berri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu