Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak inputatu gisa deklaratuko du CAN auzia dela eta. Hilaren 24ko goizeko hamarretarako deitu du deklaratzera Mari Paz Benito epaileak.
Kutxako dieten auzian inputatu gisa deklaratu dute dagoeneko Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilari ohiak. Sanzek esan zuen ez ziola arretarik jartzen jasotzen zuen diruari; Maiak adierazi zuen ez zuela oroitzen zertaz hitz egiten zuten bileretan; Mirandak, berriz, esan zuen kutxako emaitzak baimentzea zegokiola soilik gobernuari.
Halaber, joan den astean deklaratu zuten Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzordeko UPNko eta PSNko sei karguk. Roberto Jimenez, Alberto Catalan, Carlos Garcia Adanero, Samuel Caro, Javier Caballero eta Jose Iribasek azpimarratu zuten ez zutela Batzorde Iraunkorraren berririk.