Espero zen bezala, Enrique Maia izango da Iruñeko alkatea. Yolanda Barcina alderdikidea ordezkatuko du UPNkoak. Ez da ezustekorik izan, eta alderdi guztiek iragarritakoa bete dute. Hala, PSNk boto zuria eman du, eta ez du bere burua aurkeztu; Bilduk, berriz, Uxue Barkosen alde egin du.
Gehiengo sinplearekin gobernatuko du UPNk. PPNren babesa jaso du -bi boto-. Barkosek 11 boto jaso ditu -NaBairen zazpi, Bilduren hiru eta Ezkerraren bat-; Maiak baino bi gutxiago. Esan bezala, sozialistek bere burua aurkezteari uko egin diote, eta boto zuria eman dute gero. Boto gehien jasotako zerrendak hartuko du alkatetza, beraz.
Sozialistek bere burua aurkeztu izan balute, eta Bilduren eta Nabairen babesa jaso, alkatetzara iritsiko ziren. Halere, alderdi abertzaleen laguntzarekin gobernura iristeko aukera saihesteko, boto zuria ematea erabaki dute.
Iruñeko Udaleko erabakiak Nafarroako Parlamenturako atea ireki dio Barcinari. UPNko kidea presidentetzatik botatzeko, Bilduk, NaBaik eta PSNk indarrak batu beharko dituzte; Iruñean egin ez dutena egin beharko dute.