Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kideek kobratzen zituzten dieten auzia dela-eta, Enrique Maia Iruñeko alkateak deklaratu du gaur Mari Paz Benito Iruñeko 3. instrukzio auzitegiko epailearen aurrean. 10:00etan hasi da Maia deklaratzen, eta ordu eta erdi inguru eman du barruan. 09:15ean joan da epaitegira, eta protesta artean sartu da. Besteak beste, Ustelak kanpora zioten kartelak zeramatzaten epaitegi atarian protestan aritu diren hainbat herritarrek.
Auzitegian izan dira, besteak beste, Miguel Sanzen eta Alvaro Mirandaren abokatuak —bi horiek ere inputatuta daude auzi berean—. Deklarazioa egin ostean, hedabideen aurrean Maiak esan du "kontzientzia lasai" duela, eta uste du bere jokaera "zuzena" izan dela. Horregatik, espero du bere deklarazioak auzia "argitzen laguntzea".
"Zerbait irakatsi baldin badidate da gauzak umiltasunez eta ondo egiten direla, eta nik uste dut ongi egin ditudala", esan du. Maiak azaldu du "zintzotasunez eta lasaitasunez" erantzun diola galdetutako guztiari, eta gaineratu du alde guztien galderei erantzun diela.
"Beti egon naiz oso lasai eta oso lasai egoten jarraitzen dut", esan du Iruñeko alkateak. Deklaratzeko unea iristeko "desiratzen" zegoela gaineratu du.
Maia, "damututa"
"Damututa" agertu zen Maia martxoaren 8an, jaso zituzten dieten zenbatekoa zabaldu eta gero. Dirua itzuli egin zuen ondoren. Iragan ostegunean, udaleko oposizioak eskatu zion dimisioa eman zezala deklaratzera joan aurretik, Iruñeko alkate gisa deklaratzea saihesteko. Aukera hori baztertu zuen Maiak, halere.
Eroskeria egotzita inputatu ditu epaileak Maia bera, Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko presidenteorde ohia eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia. Sanzek iragan ostiralean deklaratu zuen hiru ordu eta erdiz, eta epaileari esan zion ez ziola arretarik jartzen dietetan jasotako diruari. "Ni inoiz ez naiz aberastu. Inoiz ez. Sekula ez. Eta nire lan guztia beti izan da Nafarroaren alde eta parte hartu ditudan erakunde guztien alde".
Maia Iruñeko alkatea da 2011. urtetik; arkitekto gisa hasi zen lanean udal horretan.
Kontuz-ek dio bilerak "edukirik gabekoak" zirela
Maiak gaur deklaratu ostean, Javier Aiestaran Kontuz plataformako presidenteak adierazi du Iruñeko presidenteak ez dituela gauza batzuk gogoan izan epailearen aurrean. Aiestaranen ustetan, Maiak esan du batzordeko bilerek "eduki jakin bat" zutela, baina ez duela zehazki gogoratzen horretan izandako eztabaidarik edo adierazpenik.
Kontuz-eko presidentearen arabera, Maiak parte hartu zuen bi bilerak ustez Nafarroako Kutxak informazioa emateko bilerak izan ziren, baina horietako aktek diote ez zegoela informatu beharreko gairik; "hau da, ez zuten edukirik". "Maia gaur onartzera etorri da gutxienez batzorde iraunkorreko bi bileratan 1.700 euro kobratu zituela ezer ez egiteagatik, bilera horiek ez baitzuten edukirik", gaineratu du.
Aiestaranek adierazi du epaileak erabaki beharko duela "inputazioari eutsi edo ez", baina ohartarazi du badagoela "banandu" beharreko gai bat: "Gauza bat legezkoa izan daiteke edo ez, baina gauza batek ez du zertan etikoa izan behar legezkoa izanda ere", esan du.