Sanferminak

Entzierroaren udal ordenantza berria onartu du Iruñeko udalbatzak

Jokabide desegokiak zigortzeko isun zerrenda espezifikoa jasotzen du testuak.

Debekatuta egongo da zezenak ikutu eta haien atzetik korrika egitea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2014ko ekainaren 20a
16:32
Entzun

UPN, PSN, NaBai eta PPNk bozkatu dute ordenantza berriaren alde; Bildu, Ezkerra eta Aralar abstenitu egin dira. Entzierroaren udal ordenantzak lasterketaren antolamendu orokorra du helburu; bertan jasotzen dira ordutegiak, ibilbidea eta arau orokorrak. Horretaz gain, zigor kode espezifikoa ezartzen du arau horiek betetzen ez diren kasuetarako.

Zezenen entzierroa, orokorki, ekitaldi arriskutsua dela dio arautegi berriak, horregatik ezarritako segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla zehazten du. Lasterketan parte hartzen duen orok derrigor bete beharko ditu entzierroaren zaintza eta segurtasuneko langileen esanak eta jarraibideak.

Entzierroaren ibilbidea zehatz jasotzen du testuak, eta ezartzen du lasterketa guztiak goizeko zortzietan izango direla. Herritarrentzako jakinarazpen sistema zein izango den ere adierazita dago; lau suziriren bitartez emango da lasterketaren berri, baina orain arteko ohituratik bada aldaketa bat: hirugarren suziria sei zezenak plazan daudenean jaurtiko da, eta ez, orain arte bezala, lehen zezena kortan sartzean.

Parte hartzaileek hamazortzi urtetik gorakoak izan beharko dute, eta entzierrora sartzeko errespetatu beharko dituzte udalak aurrez ezarritako leku eta orduak; baina lehenago ere eten ahal izango da sarbidea korrikalari kopurua handiegia baldin bada. Behin barruti barruan, soilik kokatu ahalko dira Udaltzaingoak zein Foru Poliziak adierazitako tokietan.

Arautegiak zehaztasunez jasotzen du entzierroaren segurtasuna kolokan jar dezaketen jokabideen zerrenda bat eta guztiz debekatzen ditu. Isunarekin zigortuko dira barrutian mozkortuta zein drogen eraginpean egotea eta ibilbidera gauzak botatzea; baita zezenen atzetik korrika egitea, zezenak ikutzea edota haien atentzioa deitzea, ez bada adarkada bat sahiesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.