sanferminak

Entzierroen eta zezenketen "ankerkeria" salatu dute

Anima Naturalis eta Peta taldeek protesta egin dute Iruñean, udaletxearen plazan. 

Entzierroen eta zezenketen kontrako protesta. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 6a
08:33
Entzun

Udaletxeko plazan bildu dira 150 bat ekintzaile, entzierroen eta zezenketen kontra. Animalienganako "ankerkeria" salatu dute, baita zezen plazako "tortura eta hilketak" ere.

Parte hartzaileetako asko zuri-gorriz jantzi dira, korrikalariak balira bezala. Aurpegia zuriz eta beltzez margotu dute, eta eskuak gorriz, odola adierazteko. Beste hainbatek adarrak jarri dituzte buruan, eta galtza beltzak, zezenak irudikatuz. Zuk korritzen duzu. Zezenak hiltzen dira leloa eraman dute.

Anima Naturaliseko Aida Gasconek azaldu duenez, zezenketak salatzearekin batera, aurten entzierroen aurkako protesta ere egin dute, "animaliekin krudelak" direlako. "Entzierroan korritzeak esan nahi du gero zezenak zezen plazara eramango dituztela, eta torturatuak eta hilak izango direla".

Gasconeren arabera, "pertsona asko ez dira horren jakitun; uste dute zezenak kaleetatik eraman ondoren landara eramaten dituztela". Gaineratu du batik bat hori turistekin gertatzen dela, "engainatu" egiten dituztela.

Sanferminen aldeko aldarria egin du, baina "animalien kontrako tratu txarrik eta torturarik gabe". Haren arabera, sanferminetan "ia 50 zezen" hilko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.