Nafarroako Gobernuak, hemendik aurrera, ez die entzierroei eta zezenekin egindako gainerako ikuskizunei behin-behineko baimenik emango. Orain arte baimenak eman izan ohi dira, zenbait kasutan, udal arkitektoen ziurtagiririk gabe. Behin-behineko baimenak izan dira horiek; hamar eguneko epean arkitektoaren agiria aurkezteko konpromisoaren truke, baimena jaso izan ohi dute zenbait udalek, baina atzo Nafarroako Gobernuak erabaki zuen baimenak modu horretan gehiago ez ematea. Erabakiaren atzean asteartean Lodosan jazotako gertaera dago; entzierroko zekorrek egurrezko hesia txikitu, itxitako bidetik ihes egin, eta gizon bat hil zen adarkada baten ondorioz. Lepoan zauria eragin zion animalietako batek, eta medikuek ezin izan zuten deus ere egin. Lodosako Udalak behin-behineko baimen batekin jasoa zuen entzierroko hesia, oraindik arkitektoaren ziurtagiria aurkeztu gabe, eta horrek eraman ditu agintariak baimen horiek deuseztatzera.
Hildakoa, Felix De Luis Morentin, 74 urtekoa zen, jatorriz Lodosakoa, baina ohiko bizilekua Donostian zuena. Emaztearekin batera ari zen entzierroa ikusten, eta, animaliek hesia apurtu zutela eta, portal batean sartu ziren biak zekorrez babesteko. Animalietako bat soto barruan sartu zen, ordea, eta hantxe egin zion eraso. Foruzainek berehala abiatu zuten ikerketa jazoera argitzeko. Udal agintariek eta Nafarroako Gobernuak entzierroa egiteko derrigorrezko baimen guztiak egokiak zirela jakinarazi zuten gertaeraren berri izan ostean. Atzo, udaleko alkateak berak aitortu zuen ezinbestekoa zela ikerketan sakontzea: «Argi dago zerbaitek kale egin duela».
Atzo, Nafarroako Gobernuko iturriek aditzera eman zutenez, Lodosak bezala, beste zortzi udalek eskaria eginda zuten baimenak modu probisionalean eskuratzeko, baina abisu eman diete: lehenbailehen udal arkitektoen ziurtagiriak aurkezteko ohartarazi diete, bestela, zezenekin egin asmo zituzten ikuskizunak ezingo dituztela egin. Egoera horretan dauden zortzi udalerriak Bera, Fitero, Barillas, Lizarra, Arguedas, Funes, Muruzabal eta Fustiñana dira.
Bestetik, Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde Roberto Jimenezek zezenekin egindako ikuskizunak arautzeko dekretuan hainbat aldaketa egiteko asmoa agerian utzi du. Jai klase horiekin zerikusia duten eragile orok zeresana izango duela aurreratu du. Besteak beste, aditzera eman duenez, ikuskizunean parte hartuko duten zezen klaseen arabera hesi mota diferenteak erabiltzea proposatuko dute araudi berrian.
Entzierrorik ez
Gaur amaituko dira Lodosako jaiak. Jai egitarauak bere horretan jarraitu zuen atzo; umeei zuzendutako egitaraua zuten bereziki, eta bere horretan bete zuten. Baina ez zen entzierrorik egin, eta gaur ere ez dute egingo. Legez, atzo Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren arabera, gainera, ezingo litzateke entzierrorik egin Lodosan, horretarako behin betiko baimenik ez dutelako eskuratu.
Entzierroetako hesiak jartzeko baldintzak, zorrotzago
Baimen probisionalik ez du emango Nafarroako Gobernuak; hildako bat eragindako entzierroan, Lodosan, halakoa zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu