Udalbiltzaren aurkako auziaren epaia jakiteko hilabete gutxienezbeharko dela jakinarazi zien Javier Gomez Bermudez epaimahaiko buruak auzipetuei ahozko saioa amaitutzat eman zuenean. Zazpi urte «luze eta gogorren» ondoren, amesgaiztoa lehenbailehen amaitzeko presa dute auzipetuek. Berriro bizimodu normala egitekoa. Epaia noiz iritsiko den jakiterik ez dagoen arren, hilabete behintzat beharko duela esanaz erantzun zien Bermudezek epaituen galderari. «Beste hainbat auzi ditut esku artean, eta horiei eutsi behar diet lehenengo».
Zorrotza, behintzat, bada Gomez Bermudez. Angela Murillo 18/98 auziko epaimahaiburu izandakoaren jarrerarekin eta Haika-Segi auziko Alfonso Guevararenarekin zerikusirik ez duena. Serioa da oso; alde guztien azalpenak aditzen ditu, zuzentzen dituen auzien nondik norakoak menperatzen ditu, eta ez da burubiderik gabe geratzen.
Ohikoa duen zorroztasun horri eutsi dio Udalbiltzaren aurkako epaiketan ere, baina Egunkariaren aurkako ahozko saioan agerian utzi zuen interes berezi hura ere ez du erakutsi. Parte-hartze txikiagoa izan du, nolabait; isilago aritu da, urrunago kokatu da. Defentsarako abokatuak azken ondorioak azaltzen aritu direnean, haien zenbait azalpenek harrapatu eta abokatuei zuzenean begiratu badie ere, begirada hori kendu eta azken modeloko ordenagailu txikiari begira jarraitu du, azalpen haiek gehiegi harrapatzerik nahiko ez balu bezala.
Defentsaren lana
Defentsako abokatu batzuen abileziak aldeko zein kontrako entzuleak harrapatzea lortzen du. Jone Goirizelaiak lortu du hori oraingoan. Azalpen ordenatua plazaratu du, akusazioen oinarri nagusiak banan-banan aletuta. Ironia handia erabiliz, banan-banan eraitsi ditu akusazioen tesiak, baieztapen borobilekin harridura eraginda.
Telefono entzuketak eta ustez miaketetan atzemandako txostenak dira akusazioen frogak, polizien tesietatik aparte. Baina berez ukigarriak edo ikusi zein entzun daitezkeenak izan behar duten froga dokumentalak ere polizien asmakizuna ote diren zalantza sortu du.
Akusazioek froga dokumental gisa aurkeztutakorik ez dela ahozko saioan erakutsi ohartarazi du bere lanean eskarmentu handia duela nabari zaion abokatuak. Ustez badiren telefono entzuketen zintak ez direla agertu eta ustezko dokumentuak ere ez direla aurkeztu. «Oinarrizko araua da: hemen ez dagoena ez da existitzen».
Ustezko frogak banan-banan aztertuta atera du ondorioa Goirizelaiak. Udalbiltza 2003ko udal plataformekin lotzeko erabilitakoa gain behera nola bota duen da adibide bat: akusazioen arabera Udalbiltzaren egoitzan «Gernika Deialdiaren izugarrizko eskuorri piloa» atzeman zuten. Poliziei pila hori zehazteko eskatuta, «asko, asko» zirela esan zuten. Kutxak izan zitezkeen. Gero, datuek ez zutela hori esaten konturatzean, 27 izan zitezkeela esan zuten poliziek. «27 eskuorri izateak frogatzen du Udalbiltzak hauteskundeetako plataformak Gernika Deialdiaren bidez sortu zituela eta ETAren parte dela?». Sorpresa amaierarako gorde du, ordea: «Atzemandako gauzei zigilua kentzeko akta berrikusteko lana hartu dut. Aktan, ez da ale bakar bat ere agertzen».
Angel Ruiz Erentxun abokatuak jarritako pasioarekin bereganatu du atentzioa. Ia haserrealdi bihurtutako salaketak. «Nire bezeroa (Larraitz Sanzberro) langilea zela dioen nomina da haren aurkako froga bakarra. Gizarte Segurantzan izena emanda lan egitea da delitua! Horrek dio nire bezeroa ETAkoa dela!». Larridura oihuekin eta eskuak burura eramanda salatu ditu entzundakoak. Berak legeetan eta justizian sinesten zuela esan, eta bizitzen ari zen «esperpentoaz» ohartarazi zuen: «XXI. mendeko legegileek burua altxatuko balute, bihotzekoak jota hilko lirateke segidan hau ikustean!».
Elkarren artean lanak banatuta, txukun aritu dira gainerako abokatuak ere; akusatuen aulkian horren luzaro egon diren epaituek azken saioa irribarretsu eta baikor amaitu dute.
«Froga beharrik ez»
Pattalago ibili dira, askoz, akusazioak. Aspaldi hasitako bide batean ezinbestean aurrera egiten jarraitzeko beharra zuten sentsazioa eman dute; edozeren gainetik aurrera tira egin beharra zuten irudia.
Fiskalaren gabeziak ederki kolpatu dituzte abokatuek. Baina bere jarrera ez dela ezjakintasunaren emaitza izan ere erakutsi du fiskalak.
Azken saiora ordezkoa bidali zuen Juan Moral fiskalak. Bere ondorioak azaltzen amaitu zuen egunean joan zen etxera, eta azken egunean, defentsarik gogorrenen -Jone Goirizelaia eta Kepa Landa- txanda zenean, ez zen epaiketa gelan agertu ere egin.
Dignidad y Justiciako abokatuaren jarrerak ez du heldulekurik erakutsi. Ezinean ibili da eta hori agerian geratu da azken ondorioetarako prestatua zuen txosten potoloa irakurri ere egin ezinik bi ordu eman dituenean. Zertaz ari zen ez zekien itxura eman du. Eta frankismoa, frankismo ondorena, Xiberta eta abar aipatzen denbora gehiago eman du akusatuek ustez egindako delituei eta horiei eusteko frogei buruz hitz egiten baino. «Hain da agerikoa diruaren erabilera okerra egin zutela, ez da ikertu beharrik ere» esatera ere iritsi da akusazioaren abokatua Auzitegi Nazionalean, epailearen aurrean.
Kontu Auzitegiek Udalbiltzaren diru kontuak aztertu eta «ikertzeko ezer» ez zegoela duela urteak ondorioztatu zuen arren, eta epaiketaren amaieran bada ere fiskalak akusazio hori bertan behera utzi duen arren, akusazioari eusten tematu da Dignidad y Justiciakoa, eta horregatik zigortzeko ezer aztertu beharrik ez dagoela esanaz, gainera.
Defentsarako abokatuek, haserre, oharra igorri zioten DJkoari, asmo txarrez akusazioei eusteko jarrerarekin nekatuta daudela agerian utzita: akusazio horretatik absoluzioa agintzen badu epaimahaiak horren kostuak ordainaraztera zigortzeko eskatu zuen. «Mehatxuak» erabat sumindu zuen DJkoa, baina berean segitu zuen.
Auzipetuak, elkarrekin
Bien bitartean, taldean joandako akusatuak taldean itzuli dira. Eta, egoera gogorrek egin ohi duten bezala, elkarrekiko laguntasuna indartuta.
Egindakoaz harro daudela adierazi zuten azken hitza hartu zutenean epaimahaiburuaren aurrean. Kalterik ez diotela inori egin, zein delitu egin duten oraindik ez dakitela, eta justizia besterik ez dutela eskatzen. Esperantza horri helduta itzuli dira etxera, azken hilabete hauetan bai Euskal Herritik bai kanpotik jaso duten babesa lagun dutela.
Epaiaren zain, baikor eta harro
'Udalbiltza auziko' akusazioen ahulezia, defentsaren indarra eta auzipetuek han zer egiten zuten argitu nahia dira lau hilabete iraun duen epaiketaren ostean nagusitu den ondorioa. Sententziaren zain dago auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu