Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristako kide Ignacio Sanz epaitu dute gaur goizean. 2012ko abenduaren 6an egindako protestan ertzain bati atzamar bat bihurritzea egotzita, hiru urteko kartzela zigor eskaera mantendu du fiskalak. Bi delitu leporatu dizkiote: atentatua eta lesioak. Erasorik ez zuela egin aldarrikatu du Sanzek, eta berretsi du antimilitaristen jarduna indarkeriarik gabekoa dela: “Agentearen atzamarra okertu izan banu, estrategia horren aurka egingo nukeen”. Epaiaren zain geratu da auzia.
Garellano erregimentuaren 125. urteurrenaren harira Basurtuko Udaltegian atondutako erakusketaren kontra egin zuten protesta egun hartan: gastu militarraren eta armaden aurkako aldarriak oihukatzen hasi ziren, eta ertzainek aretotik irteteko eskatu zietenean, lurrean etzan ziren, erresistentzia pasiboa egiteko. Sanzek berak eta antimilitaristek epaiketan onartu dute euren asmoa zela polizien arreta erakartzea, beste kide batek kasko militar bat eraman zezan; kasko hura birmoldatu egin zuten, lurra eta lore bat sartuta loreontzi bihurtu baitzuten, eta Gernikako Bakearen Museora (Bizkaia) eraman zuten.
Edonola ere, lurrean etzanda zeuden hiru ekintzaileak arrastaka ateratzen hasi ziren ertzainak; une horretan gertatu zen ustezko erasoa. Salatzaileak adierazi du Sanzek atzamar bat okertu ziola, eta horrek zaintiratua eragin ziola; ekintzaileak erantzun du antimilitaristen jarduteko moduaren aurkakoa litzatekeela hori, eta gainera, besoak okertu zizkiotela lurretik altxatzeko. Defentsa abokatuak erantsi du Ertzaintzak berak grabatutako bideoan “argi” ikusten dela Sanz altxatzen duten unean ez zela erasorik egon: “Agente batek gezurra esaten duenean, lanean lesioa egiten duenean eta beste pertsona bati egozten dionean, lotsagarria da”.
Gizartea
Epaiaren zain geratu da Ignacio Sanz antimilitaristaren aurkako auzia
Hiru urteko zigor eskaera mantendu du fiskalak, ertzain bati ustez atzamar bat bihurritzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu