Tortura

Epaien arabera tortura salaketa funsgabeak egin dituztenei kereilak jartzea "oso arriskutsua" dela uste du Van Bovenek

Theo Van Boven NBEko torturaren aurkako kontalari berezi ohia Euskal Herrian da, eta Unai Romanoren kasua izan du hizpide Bilbon komunikabideen aurrean egin duen agerraldian. Epaileen arabera tortura salaketa funsgabeak egin dituztenen aurka Estatuak kereilak ezartzea "oso arriskutsua" dela nabarmendu du, "torturari buruzko eztabaida publikoa murrizten duelako eta adierazpen askatasunarentzat muga handia izan daitekeelako". Izan ere, Madrilgo Auzitegiak artxibatu egin du Romanoren salaketa, eta, orain, Guardia Zibilak jarri dio salaketa gazteari, "testigantza faltsua" egotzita.

2006ko otsailaren 6a
14:57
Entzun
"Tortura salaketa funsgabeak Estatuaren izen onaren aurkako erasotzat hartzeko Espainiaren praktika oso larria da, eta oso joera arriskutsua, toturari buruzko eztabaida publikoa murrizten baitu eta adierazpen askatasunarentzat muga handia izan baitaiteke", esan du Van Bovenek Guardia Zibilak Romanori jarri dion salketaren harira.

2003an NBE Nazio Batuen Erakundearen aginduz Espainiako tortura praktikei buruzko txostena egin zuenean, arazo horren inguruko "isiltasun" handia dagoela iruditu zitzaiola nabamarmendu du Van Bovenek, eta hori ez dela batere ona. "Espainian isiltasun handia dago torturen inguruan, baita komunikabideetan ere. Aldiz, auzi horretan aurrera egiteko lehen urratsa arazoa egon badagoela onartzea da". Ildo horretatik, berak landutako txostena Espainiako Gobernuak "zakarrontzira" bota zuela iritzi dio NBEko torturen aurkako kontalari ohiak.

Hala ere, lan hura ez zela guztiz alferrikakoa izan erantsi du, Kataluniako Legebiltzarrak aintzat hartu baitzuen, eta Eusko Jaurlaritzak hartan oinarrituta egin baitu Ertzaintzak atxiloketetan ibili beharreko protokoloa.

TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak, Etxerat-ekoak eta Arantza Zulueta abokatua izan ditu lagun Van Bovenek agerraldi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.