Arnaldo Otegi askatzeko eskatu dute alderdi gehienek, absoluzio epaiaren berri izan orduko. Haien arabera, ez zegoen arrazoirik Anoetako ekitaldiagatik epaiketa egiteko. Hala esan dute EAJk, Aralarrek, EAk, EBk eta Hamaikabatek. Aldiz, Espainiako Gobernuak eta PSE-EEk ez dute absoluzioari buruzko iritzirik eman; soilik esan dute errespetatu egiten dutela auzitegiaren ebazpena. PP, ostera, ez du gustura utzi absoluzioak; Fiskaltzari eskatu dio jartzeko helegitea epaiari.
Jeltzaleek ohar oso laburra kaleratu dute. «Epaiketa ez zen inoiz egin behar, ezta auzipetuak kartzelatu ere». Hala, EAJren ustez, «logikoa» da epaia. Bidegabea izan dela auzia, bat etorri da Hamaikabat ere. «Epaiak erakutsi du ez zegoela zigorgarririk ezer, eta berretsi du inputazioa arrazoi politikoengatik zela gehiago juridikoengatik baino». Iñaki Galdosen alderdiak dio epaileek ez dezaketela baldintzatu politika.
Ezker Batuak eta Aralarrek gogorarazi dute Otegik beste bi auzi dauzkala aztertzeko, eta horiengatik dagoela behin-behinean espetxean. Hala, auzitegiari eskatu diote aztertzeko hori. Mikel Aranak (EB) egoera politikoa kontuan izatera deitu du. «Aske daude beste hainbat auzipetu, eta berdin tratatu behar dira guztiak. Gainera, egoera politikoa oso da diferentea». Aralarrek dio bake proposamena egitea ez dela delitu. «Epaiketetatik libre behar lukete Batasuneko kideek, politika askatasunez egin ahal izateko».
Bide beretik jo du Eusko Alkartasunak. Ikerne Badiolak, EAko Komunikazio arduradunak, adierazi du ekitaldi politiko bat ezin daitekeela delitu izan. Otegi berehala askatzeko eskatu du. «Hark eta ezker abertzale osoak oso argi utzi dute bide soilik politikoen aldeko konpromisoa, eta, beraz, zentzugabekeria hutsa da buruzagi politikoa kartzelan izatea». Kataluniako ERCk ere gogoan izan du ezker abertzaleak bide baketsuen alde egindako apustua, eta Otegi kaleratzea galdegin du.
«Kriminalizazioa ezezten du»
Ezker abertzaleak berretsi du bake proposamena izan zela Anoetakoa, eta larria dela horregatik hiru lagun epaitzea. Adierazpenaren balioa goraipatuta, epaia ondo hartu du ezker abertzaleak: «Ontzat jotzen dugu, epaiak ezezten duelako gatazka konpontzearen aurkako zenbait sektorek egindako saio proposamena baliogabetzeko eta ezker abertzalearen jardun politikoa kriminalizatzeko».
Espainiako Gobernuak, berriz, ez dio aparteko ondoriorik ikusi epaiari. Ramon Jauregik, Presidentzia ministroak, uste du erabakiak ez duela eraginik ezker abertzalearengan. «Alboko gauzak dira horrelakoak. Ezker abertzaleak horrelako gertaeretatik kanpo egin behar du prozesua. Gaitzetsi eta baztertu behar dute indarkeria». Jauregik ez, eta PSE-EEk ere ez, epaiaz ez dute iritzirik eman. Jose Antonio Pastorrek dio errespetatu egiten dituztela epaileen erabakiak. «Argi geratu da demokraziak eta zuzenbide estatuak funtzionatzen dutela».
PPk bai, eman du iritzia. Leopoldo Barreda ez da ados azaldu absoluzioarekin, eta alderdiei egin die keinu: «Epaia ezin daiteke aitzakia izan exijentzia maila eta presioa gutxitzeko». Epaiari helegitea jartzeko eskatu du PPk.
ANOETAKO AUZIA. EPAIA
Epaiketa bidegabe jo, eta Otegi aske uzteko eskatu dute alderdiek
Espainiako Gobernuak uste du epaiak ez duela ezker abertzalearengan eraginik; PPk eskatu du absoluzioa helegiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu