Hainbeste euskal herritar ez dira sekula Espainiako epaitegi baten aurrean eseri. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu sekula hainbeste akusatu, epaiketa berean, aulkian jarri. Bihartik aurrera, eta auskalo noiz arte, 59 euskal herritarrek akusazio eta zigor eskaera larriei egin beharko diete aurre, Madrilgo Casa de Campon, epaiketa handietarako propio prestatutako egoitzan. ETAko kide edo laguntzaile izatea egozten die fiskalak eta 991 urteko zigor eskaera egin du, guztira. 51 urtekoa da eskaera handiena, eta 10ekoa txikiena.
Dena da, neurri aldetik, ohiz kanpokoa, eta inork ez daki zenbat iraungo duen. Hilabete asko, aurrez ikusitako froga guztiak aztertu eta proposatutako lekuko guztiak agertzen badira.Fiskalak eta AVTko akusazioak hirurogeitik gora lekuko proposatu dituzte, defentsako 11 abokatuek 280tik gora, eta epaimahaiak ia guztiak onartu ditu. Peritu-frogarako, instrukzioan parte hartu duten 11 guardia zibil eta 18 polizia proposatu dituzte fiskalak eta AVTko akusazioak. Defentsak, aldiz, 24 lagun proposatu ditu, historialari, itzultzaile, soziologo, ekonomialari eta abarren artean.Gainera, milaka agiri proposatu dituzte, dokumentu-frogarako, hiru aldeen artean, hala nola txosten politikoak, polizia txostenak, akusatuen deklarazioak, autoak, gizarte erakundeen estatutuak eta aktak, agiri ekonomikoak, prentsako artikuluak... Teorian, agiri horiek guztiak irakurri egin beharko lirateke, baina ezinezkoa izango da. Hala egingo balitz, hilabeteak ez, urteak iraungo lituzke epaiketak.Fiskalak, gainera, sumarioan dauden telefono grabazioak, oro har, entzuteko eskatu zuen orduak eta orduak, epaimahaiak zer zati entzun nahi dituen zehazteko erantzun zion, eta defentsak froga hori bertan behera uzteko, fiskalak eskaera behar bezala ez zuelakoan egin zatiak zehaztu gabe, alegia.
Aurrez argitu beharrekoak
Epaiketa hasteko hitzordua bihar 10:00etan da. Baina ahozko saioa era ofizialean hasi aurretik defentsak mahai gainean jarritako hainbat auziri erantzun beharko lioke epamahaiak. Telefono grabazioen entzuketa bertan behera uzteko onartzen duen edo ez, esate batera. Polizia eta guardia zibilak peritutzat onartzen dituen ere erabaki beharko luke epaimahaiak, defentsak errefusatu egin baititu guztiak, auzien instrukzioan zuzenean parte hartu zutelako. Eta lekuko batzuk onartu edo ez erabaki gabe dauka oraindik: hogeitik gora kasutan auziarekin zer lotura duten zehazteko eskatu zien aldeei epaimahaiak, eta ondoren erabakitzekotan gelditu.
Prozedurari buruzko beste hainbat kontu ere aurkeztu dituzte aldeek, eta litekeena da bihar bertan gehiago mahai gaineratzea. Baina litekeena da, baita ere, auzi horiek planteatzeko une prozesala hori ez dela erantzutea presidenteak, eta epaiketarekin hastea besterik gabe, dagokionean erabakiko duela ebatzita.Akusatuen banan banako galdeketekin hasiko da epaiketa bera. Hasi aurretik, baina, akusatuentzat garrantzitsua den erabakia hartuko du epaimahaiak: galdeketak atalez atal egingo diren eta, beraz, epaituek norbere atalari buruzko egunetan bakarrik egon beharko duten, edo akusatu guztiek epaiketa osoan izan beharko duten bertan.Galdeketak atalka banatzeko prestutasuna agertu die epaimahaiko presidente Angela Murillok abokatuei hitzez, baina erabakia bera epaiketaren lehen egunean hartuko du. Horrela egiten bada, bost atal izango ditu auziak: enpresak/KAS, Orain, Ekin, Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Xaki.Hori zehaztu ondoren hasiko dira 59 akusatuen galdeketak. Eta ondoren, lekukoenak.Fiskalak, akusazioak eta defentsak bat egin dute ETAko zuzendaritzan parte hartu izana leporatzen dieten hainbat preso lekuko gisa proposatzean, hala nola Pakito Mujika Garmendia, Jose Luis Alvarez Santacristina, Joseba Arregi Erostarbe edota Josetxo Arizkuren. Defentsako abokatuen idatziak zehazten duenez, «ETAren bilakaeraz» argibideak eman ditzaten proposatu dituzte. Eugenio Etxebeste, Aljerko elkarrizketatan ETAren solaskide izan zena ere, proposatu dute alde guztiek. Fiskalak ez, baina defentsak Mikel Albisu eta Juan Lorenzo Lasa Mitxelena ere deitu ditu.Fiskalak, beste hainbat izenen artean, zenbakiekin identifikatutako hamalau polizia eta lau guardia zibil deitu ditu, baita Jon Iturregi Ertzaintzako Zerbitzu Zentralen Unitateko buruzagia ere. AVTko akusazioak beste hainbat izen ezagun ere proposatu zituen lekukotzat; besteak beste, Fernando Savater, Federico Jimenez Losantos, Isabel San Sebastian, Jon Juaristi, Jose Maria Calleja eta Mikel Azurmendi, baina epaimahaiak auziarekin zer lotura duten argitzeko eskatu zien. Defentsaren ustez, lekuko horiek ez lituzkete onartu behar, Pepe Reiren atalarekin lotuta proposatu zituztelako, eta kazetaria ez baita epaituen artean izango, gaixo dagoelako.Fiskalaren eta akusazioaren beste testigantza proposamen gutxi batzuk, aldiz, atzera bota ditu epaimahaiak: Felipe Gonzalez, Rafael Vera, Jaime Mayor Oreja, Enrique Mujika Herzog, Nicolas Redondo eta Alejo Vidal Quadras.
Perituak eta agiriak
Defentsaren lekuko zerrenda luzearen barruan daude, besteak beste, hainbat alderdi eta sindikatutako buruzagiak; besteak beste, Joseba Egibar, Pernando Barrena, Begoña Errazti edota Jose Elorrieta. Arnaldo Otegi ere proposatu zuten, Ekin-i buruzko lekukotza eman zezan, baina epaimahaiak ez du onartu, auzi horri buruzko beste lekuko «ugariek» aski argibide emango dituztelakoan . Atzera bota ditu, baita ere, Garbiñe Biurrun eta Manuel Diaz de Rabago magistratuen eta Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako Amen elkarteko presidentearen lekukotzak.
Lekukoen testigantzen ondoren ekingo zaie perituen agerraldiei. Luze joko du atal honek ere. Fiskalak eta akusazioak proposatutako peritu-frogetan, azken batean, Baltasar Garzonen gidaritzapean egindako instrukzioaren xehetasun guztiak emango dituzte, batez ere Espainiako Informazio Unitateko kideek. Defentsak peritu-frogarako proposatutako historialari, soziologo, irakasle eta ekonomialariek, berriz, auzitan dauden erakundeen ezaugarriei buruzko argibideak emateko lana izango dute.Agiri ugarien azterketarekin eta telefono grabazioen entzuketekin bukatuko da frogei buruzko zatia. Hiru aldeen ondorioen garaia izango da gero. Defentsaren eta herri akusazioaren ondorioak entzutearekin batera, orduan jakingo dute akusatuek Enrique Molina fiskalak hasierako akusazio eta zigor eskaera larriei eusten dien. Eta erabakia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 3. Aretoko hiru magistratuen esku geldituko da: Angela Murillo presidentea, Luis Martinez de Salinas eta Nicolas Poveda.
Epaiketa guztien ama
59 euskal herritarrek 991 urteko zigor eskaerari egingo diote aurre, bihartik aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalean inoiz egin den epaiketarik handienean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu