D3M eta Askatasuna auzia

Epaiketa hasi bezperatan, D3M-Askatasuneko auzipetuek ez dakite zein izango diren epaileak

Ostegunean hasiko da epaiketa, Auzitegi Nazionalean. Hasieran Bermudez zen epaimahaiburua izatekoa, baina otsailean zigor aretoko presidente kargutik kendu egin zuten, Grande Marlaska jartzeko. Defentsak aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez ditu onartu auzitegiak; Fiskaltzari, guztiak. Hamahiru lagun daude auzipetuta, eta zazpi eta bederatzi urteko kartzela zigorrak eskatu dizkiete.

2012ko apirilaren 30a
19:38
Entzun

Ostegunean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean D3M plataformaren eta Askatasuna alderdi politikoaren aurkako epaiketa, eta auzipetuek oraindik ez dakite zein izango diren epaimahaiburua eta beste epaileak. Auzitegiak joan den urtarrilean epaiketaren hasiera hitzordua finkatu ondotik, Javier Gomez Bermudez zigor aretoko orduko presidentea zen izatekoa epaimahaiburua, baina otsailetik ez dago kargu horretan —eta auzitegiko lehen ataletik kendu egin zuten—, Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak Fernando Grande Marlaska hautatu zuelako presidente. Ondorioz, Bermudez behintzat ez da izango D3M-Askatasuna epaiketako mahaiko burua, eta defentsak beste epaileen berri ere ez du.

Grande Marlaskak (Bilbo, 1962) apirilaren 16an hartu zuen zigor salako presidente kargua, eta sarrera hitzaldian "ETAren delituak" preskribatzearen aurka azaldu zen. 2006an iritsi zen Auzitegi Nazionalera eta ordutik, instrukzio epaile gisa, hainbat polizia operazio agindu ditu.

Egunkaria-ren eta Udalbiltzaren aurkako epaiketetan Bermudez izan zen epaimahaiburua, eta bietan absoluzioa eman zuen.

D3M-Askatasuneko auzipetuek salatu dute "indefentsio" egoeran daudela eta jakinarazi dute defentsa abokatuek aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez dizkietela onartu. Aldiz, Fiskaltzari guztiak onartu dizkiote —denak ere guardia zibilak eta poliziak dira—.

Saioak maiatzaren 18ra artean, San Fernando de Henaresen

Ostiralean izango da epaiketako bigarren saioa, eta maiatzaren 7, 8, 9, 17 eta 18an hurrengoak. Saio denak San Fernando de Henaresen izango dira, Madrildik hamabost kilometrora. Hamahiru lagun daude auzipetuta, Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean aritzea egotzita. Zazpi eta bederatzi urteko zigorrak eskatu dizkiete.

"Hautagaitzak aurkezteagatik izango gara epaituak. Hori da gure delitua: euskal herritarrei hauteskunde eskaintza abertzale eta ezkerrekoa aurkeztea. Akusazioa oso bestelakoa da: ETAko kide edo kolaboratzaileak izatea. Oinarririk gabeko akusazioa", esan dute auzipetuek gaur, Bilbon.

Ostegunean auziaren kontrako elkarretaratzeak izango dira herrietan, eta larunbatean manifestazioa Bilbon (Casilla, 17:30). Bietan parte hartzeko eskatu dute auzipetuek. "Salbuespen neurrian aurrean indarrak bildu" beharra dagoela azpimarratu dute.

2009ko urtarrilean egin zuten D3Mren aurkako polizia operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Plataforma legezko zen artean, baina laster utzi zuten legez kanpo, baita Askatasuna ere. Hauteskundeak igaro zirenean askatu zituzten atxilotuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.