Mikel Egibar plataformako kide eta auzipetuak eman ditu gastu ekonomikoen gaineko datuak. Hilero, guztira, 156.500 euroko gastua izan dutela azaldu du. Kazetariei lana errazte aldera eta epaiketa hasi zenetik zazpi hilabete pasatu direla kontutan hartuta, abendutik hona 1.095.500 eurokoa izan da epaiketak eragindako gastua. Egibarrek emandako datuen arabera, auzipetu bakoitzak (56) hilero 2.795 euroko gastuari egin behar izan dio aurre.
Epaiketa hasi zenetik, hamaika arrazoi eman dituzte 18/98 + lantaldeko kideek epaiketak bertan behera geratu behar duela eskatzeko. Maite Aristegi plataformako kideak azaldu du, denborak aurrera egin ahala "arrazoi horiek geroz eta pisutsuagoak direla".
Madrilera egin beharreko joan etorriak, osasun arazoak –Jokin Gorostidiren heriotza izan da larriena–, lan arloko arazoak, ekonomikoak eta abar luze bat. Horiek guztiek auzipetuengan ezartzen duten zama ikaragarria nabarmendu du Aristegik.
Gainera, salatu dute jasaten ari diren defentsa eskubidearen murrizketa. "Jada ez dakigu zer izen jarri defentsa eskubidearen murrizketari edo jartzen ari diren oztopo ikaragarriei". Aristegik gogorarazi du Egin-Orain atalarekin gertatu dena: "Ehunka urtetako zigor eskaera suposatu dezaken akusaziorako oinarri ia bakarra ziren dokumentu hain garrantzitsuak ez agertzea eta haien balizko fotokopia batzuk eranstea eta onartzea". Fiskalak berak onartu zuen hori ez zela legezkoa.
Horrek guztiak eragindako kezka dela-eta, beste behin exijitu dute epaiketa artxibatzea eta behin betiko etetea. Baita Espainiako Auzitegi Nazionala desagerrarazi behar dela ere.
Herritarren laguntza
Bestalde, Roberto Lopez Etxezarretak herritarrek emandako laguntza ekonomikoa eskertu du. Gogorarazi du laguntza bono batzuk atera zituztela nahi zuenak bere elkartasuna erakus zezan. Lagunta bono horietatik, egin diren hitzaldietatik, kamiseta salmentatik ateratako diruari esker eta beste hainbat diru laguntzen bidez, gutxi gora-behera 210.000 euro bildu dituztela jakinarazi du. Diru horrekin, auzipetuek eta familiek izan dituzten gastuen erdiei egin ahal izan zaie aurre.
'18/98 auziko' epaiketa
Epaiketa hasi zenetik milioi bat eurotik gorako gastua izan dute auzipetuak
Duela zazpi hilabete hasi zen '18/98 auziko' epaiketa. Ordutik hona 56 auzipetuek 1.095.500 euroko "zigor ekonomikoari" egin behar izan diote aurre. Auzipetu bakoitzak 2.795 euroko gastuari egin behar izan dio aurre hilabetero. Maite Aristegi eta Roberto Lopez Etxezarreta 18/98 + lantaldeko kideek, Mikel Egibar plataformako kide eta auzipetuarekin batera egin dute agerraldia. Zazpi hilabete hauetako balantzea egin dute Donostian. Besteak beste, sentetzia hasi aurretik zigorra ordaintzen ari direla azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu