IDATZIA

Epaiketa hasierako hitzartzea

Mikel Albisu eta Marisol Iparragirre euskal presoek honako idatzia irakurri zuten astelehenean Parisko Epaitegian euren eta beste zortzi kideren aurkako epaiketan. "ETAk eskua luzatzen du berriz ere. Frantziako eta Espainiako gobernuek egin behar dute urratsa, erantzukizun historikoa eta ardura erakutsiz. Euskal Herrian baldintza demokratikoak lortzea da ETAren borroka armatuaren helburua".

2010eko azaroaren 20a
13:23
Entzun
Frantses Justiziari buruz:

Frantses Justiziari buruz ohar batzuk egin egin beharrean gaude. Indarrez ekarri gaituzte honaFrantziar Herriaren izenean epaitzera. Erran nahi dugu hori ezinezkoa dela, Euskal Herriko populuak bakarrik epaitu gaitzakeelako. Zigor gaitzakezue baina ez da justizia erabakia izango, ezin dugulako Frantziako Justizia onartu Frantziak Euskal Herriari zor dion justizia eman arte.

Nor gara gu?

Bost astez, epaiketa honek iraungo dueino, armez, lehergailuez, diruaz, lapurretaz hitz egingo diguzue... 'Terrorismo' hitza mugagabean deklinatuko duzue. Odol egarri diren pertsonak bezala aurkeztuko gaituzue, edo kasurik hoberenean, manipulatu dituzte gizajoak bezala. Eta aldez aurretik badakigu gure borroka politikoa dela erakusten duen elementu oro baztertuko duzuela, mespretxatua, manipulatua, beste behin ere errealitatea ezkutatzeko.

Aldiz, gure errealitatea erakusten saiatuko gara: Herriko jendeak gara, langileak, enplegatuak, etxeko andreak eta gurasoak, duela sei urte armen mehatxupean iratzarri dituzuenak.

Eta gero, epaile batek bereiztea eskatu du, maite ditugun pertsonengandik, gure haurrengandik, gure herritik, gure kulturatik eta atzerriratu. Zuen espetxeetako ziegetan sartzea eta isolatzea agindu du. Zuen buruak demokratatzat duzuenok, bahitu gaituzue eta ziegetan ezarri, gure geroaz ebatziko duen epailearen aurrera aurkeztu baino sei urte lehenago.

Gatazka luze bati buruz mintzatuko gatzaizkizue, batetik Euskal Herriaren eta bestetik Frantzia eta Espainiaren arteko gatazkaz. Eta gatazka honi aurkitu nahi diogun konponbide politiko justuaz hitz egingo dizuegu.

Badakigu zertarako etorri zaren gure etxera, bahitzera eta lapurtzera. Euskal Herriaren askapen borrokan engaiatu garelako izan da. Euskal herritarrak gara eta gure Herriaren eta herritarren eskubideak defenditzeko deiari erantzun diogu, maila ezberdinetan Euskadi Ta Askatasuna erakundean engaiatuz.

Egin ahal izan ditugun akatsez jabetuz ere, egin dugunaz harro gaude. Orain berean, gure borroka bururaino ezin eramana da gure etsipenik handiena; gaur, 2010ean, gurera ez dela oraindik heldu bakea, nahiz eta, konbentziturik gaude, hurbilago dagoen.

ETA erakunde politiko armatua da. Duela berrogeita hamar urte sortu zen, frankismoaren gauaren erdian. Orduan hasitako borroka gaurko egunera arte mantendu du, gure herrian ez direlako errespetatzen oinarrizko eskubideak.

Zuentzako espainiar euskaldunak gara edo frantses euskaldunak. Hastapenean erran duzue, herritartasuna inposatzen diguzue! Edo espainiarra da, edo frantsesa. Baina euskal herritarrak soilik izan gaitezke euskal herritar.

Ezin dugu askatasunezerabaki gure geroaz eta batez ere, Frantziak eta Espainiak ez dute bermatzen errespetatuko dutela Euskal Herriak demokratikoki, inposaketarik gabe eta mugarik gabe hartuko duen erabakia.

Horregatik borrokatu gara eta segitzen dugu borrokan.

Euskal Herriaren biziraupena eta askatasuna bermatu nahi ditugu, gure hizkuntzaren eta kulturaren errespetua lortu. Gizarte edo ekonomia arloetan, Euskal herritarrok erabakiak hartzeko eskumena ukan dezatela nahi dugu, haien errealitatearekin loturan, kanpoko erabakitzaileen menpe egon gabe, haien helburu bakarra baita gu aztarna folklorikoren heinera mugatzea, eskulan erabilgarri eta otzana duen turismo gunea bihurtzea.

Gure herria defenditzen duen erakunde gisa ikusi dugu ETA. Gure haur, lagunei eta guhaurri eragindako beldurra eta ezinegona gaindituz, egun batez 'bai' erantzun dugu eta ETAko atea ireki dugu. Gure eginkizuna zelako.

ETAren borroka

Erakunde politiko gisa, Euskal Herriaren independentzia da ETAren helburua. Eta horrekin batera Euskal Herri sozialistaren alde borrokatzen gara. Jendeak eta natura errespetatzen duen gizarte eredua aldarrikatzen dugu.

Baina oroz gain, Euskal Herrian behin betiko baldintza demokratikoak lortzea da ETAren borroka armatuaren helburua. Ez diogu inori inposatu nahi gure egitasmo politikoa. Gure proposamen politikoa beste edozein bezala defenditu ahal izana eskatzen dugu eta gure herritarren gehiengoaren borondatea baldin bada, praktikan jartzea posible izatea.

Euskal Herriak pairatzen duen eskubiderik gabeko egoera antidemokratikoa gainditzeko eta salbuespenik gabe, euskal herritar orok bere geroaz erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen gara, kanpoko esku hartze eta xedapenik gabe.

Gaur egun Frantzia eta Espainiako estatuetan zatiturik dago Euskal Herria. Espainiako Estatuaren baitan, bi autonomi erkidego ezberdinetan dago banaturik. Frantziak bere aldetik, bi mende daramatza gure herriari den mendreneko ezagutza ez aitortzeko borrokan, Euskal Herriaren parte hori Pirinio Atlantikoak izeneko departamentu artifizialean deuseztatuz.

Gure herria, gure gizartea, gure komunitatea bitan edo hainbat zatitan sakabanatzeko egina dago guztia. Frantziak eta Espainiak Pirinioak muga bihurtzea deliberatu dute, guretzako bi aldeetan bizi diren herri bakarraren gontza den bitartean.

Ez. Ez dugu muga gehiagorik jarri nahi. Alderantziz, Euskal Herria pasabidea izan da betidanik, komertzioaren pasabide, kulturen bidegurutze eta askatasun gunea. Mendeen harian bertze kulturen ekarpenak bereganatzeko gaitasun handia erakutsi du, eta haien jakintza zabaltzen jakin dute euskaldunek.

Baina horretarako Euskal Herriak bizitzen segitu behar du. Eta bada aspaldi gure nortasuna deuseztatzeri mehatxupean dagoela, gero eta globalizatua den munduak eta auzoek irentsirik. Euskal Herriak baliabideak behar ditu bizirauteko eta bere berezitasuna munduari eskaintzeko.

Gernikaren seme-alabak gara. Oraindik ez da itzali Gernikaren mina. Gure baitan sutan diraki oraindik. Gure aiona-amonen isiltasunari esker ikasi dugu sufritzen eta gure gurasoei esker ikasi dugu burua altxatzen eta bakearen eta askatasunaren alde borrokatzen.

Gu ez gara terroristak. Ez dugu bilatzen Espainiako Estatua suntsitzea, ez dugu bilatzen Frantziako Estatua suntsitzea. Bakean utz gaitzatela nahi dugu. Geu izan nahi dugu. Euskal Estatuaren sortzeko beharra larrialdi gisa ikusten dugu, eskumen osoak ukan behar ditugulako herri gisa bizirauteko.

Egun gure arrazoiak aurkezteko aukera daukagu. Bertze ehunka burkidek ez dute aukera hori ukan, tiroketetan hil direlako, Espainiako eta Frantziako espetxeetan, erbestean, anonimotasunean.

Haiek bezalako milaka burkideren eta abertzaleren indarrari esker, duela mende erdia hilzorian zegoen Herri honek itxaropenez eta bizitasunez egiten dio aurre bakea lortzeko aukera berri bati.

Ez dugu haien izenean hitz egiten. Gure ahotsak haienarekin bat egiten du Euskal Herriaren askatasuna defenditzeko eta gatazkaren konponbidearen aldeko deiadar berri bat egiteko.

Gernikaren seme-alabak gara eta zoritxarrez Euskal Herrira bakea eta askatasuna ekartzea lortzen ez badugu, hori baita gure nahirik sutsuena eta gure borrokaren oinarria, gure haurrei irakatsi beharko diegu askatasunean bizitzen bakearen alde borrokatzearekin batera.

Euskadi Ta Askatasunak eskua luzatzen du berriz ere. Frantziako eta Espainiako gobernuek egin behar dute urratsa, erantzukizun historikoa eta ardura erakutsiz.

Martha Alcalderi omena

Bukatzeko, gure artean ez dagoen Erakundeko militante bat omendu nahi dugu. Bera bezalako askoren borroka isilari esker ere egin ahal izan du aurrera Erakundeak. Mikel Negrete gure burkidearen emaztea zen, Martha Alcalde Txori. Haren ohorez minutu bateko isilunea gordetzea eskatzen dizuegu.

Agur eta ohore Martha!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Parisen, 2010eko azaroaren 15ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.