EHAK eta ANVko kide izatea edota haientzat lan egitea leporatu zieten lehenik, eta garai hartan legezkoak ziren bi erakunde horiek ETAren estrategia jarraitzen zutela salatu ondoren. Orain, Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du 04/08 sumarioan auzipetutako bakoitzarentzat.
Gaur bertan abiatu dira auzipetuak Madril aldera, baina horren aurretik agerraldia egin dute Donostian auzia salatzeko. Ino Galparsorok eta Mikel Etxaburuk hitz egin dute auzipetuen izenean, eta epaiketaren helburu bakarra "Euskal Herriaren etorkizuna oztopatzea" dela salatu: "Gure lana politikoa izan zen hasieratik, eta alde horretatik gustora gaude Euskal Herrira bakea ekartzeko egindako ahaleginagatik". Bihar arratsaldean kontzentrazioak deitu dituzte auzipetuen herri eta auzoetan.
Aurretik ere epaiketa behin baino gehiagotan gaitzetsi dute, "anakronismo hutsa" dela esanez. «Garai politiko berri honetan justiziaren administrazioak bakea eta bizikidetzaren sendotzearen helburua zerbitzatu beharko luke: egokiera desberdin eta berri batera egokitutako justizia izan beharko luke», adierazi du Karmele Aierbe auzipetuak aste honetan bertan.
Ideia politikoak epaitzera doazela ohartarazi dute auzipetuek eta epaiketa politiko guztiak behin betiko amaitzeko eskatu zuten Haizpea Abrisketa eta Aurore Martinek ere egunkari honi eskainitako elkarrizketan. "Estatuek, gatazka hau era demokratiko baten bidez konpontzen saiatu beharrean, errepresioa erabiliz erantzun dute", ohartarazi zuen Abrisketak.