'Epaiketa politikorik ez' leloa hartuta, mobilizazioak egingo dira etzi

Behin-behinean atxilotutakoei eta 8/97 sumarioko auzipetuei babesa eskaintzea da xedea

IKER FRIAS BURLATA
2006ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Behin-behineko atxiloketen prozesuetan eta 8/97 sumarioan auzipetutakoei babesa agertzeko hainbat mobilizazio antolatu dituzte. Horiek iragartzeko eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren eginbeharra salatzeko agerraldia egin zuten auzi horietan auzipetutakoek, senide eta lagunekin batera atzo Burlatan (Nafarroa).

Batetik, urrirako, Iruñean manifestazioa antolatu du, eta manifestazioak Epaiketa politikorik ez, Auzitegi Nazionala epaitegi antidemokratikoa leloa izanen du. Antolatzaileek ez dute ez ordua, eta ez eguna hitzartu.

AUZO ETA HERRIETAN ELKARRETARATZEAKJ. Auzipetuen auzo eta herrietan ere etzirako, epaiketa egunerako, deitu dituzte ekimenak: Burlatako Unzu plazan eta Iruñeko Txantrea auzoko Irubide parkean eta Errotxapeako El Salvador bidegurutzean, 19:00etan dute hitzordua. Leitzan, Atarrabian eta Noainen 20:00etan, eta Arbizun 20:30erako egin dituzte deialdiak. Auzipetuei elkartasuna agertu eta Espainiako Auzitegi Nazionala bertan behera uzteko eskatuko dute mobilizazioetan.

Atxiloketak «prebentiboak» direla, eta auzipetuak dauden pertsonak ezker abertzaleko militanteak izateagatik atxilotu zituztela salatu zuen Askatasunak.Auzipetuen egoera azaltzeko Nafarroako hainbat eragile politikoekin eta sindikatuekin biltzeko asmoa ere azaldu du Askatasunak.

1996 eta 1997. urte bitartean, 60 gazte baino gehiago atxilotu zituzten kale erasoetan parte hartzea leporatuta. Hasierako 60tik gora atxilotuetatik, asko auzitik kanpo utziz joan da Auzitegi Nazionala. Garai hartan, atxilotutako batzuk adingabeak zirenez, aske utzi zituzten bermea ordainduta. Beste batzuk auzipetzeko frogarik ezean kalean utzi zituen ere auzitegiak. Bi arrazoi horiengatik, atxilotu gehienak aske gelditu ziren. Orain epaituko dituzten 18 auzipetuentzat 401 urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

2003 eta 2005 urteen artean, 116 lagun atxilotu zituzten Auzitegi Nazionalaren aginduz. Orain, 116 horietatik, 103 daude auzipetuta. 8 eta 11 urte arteko zigor eskaerak egin ditu fiskalak auzipetu bakoitzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.