euskal herria

Epaiketak iraun artean espetxera bidali dituzte Urbe, Mujika eta Zabala

Oiartzualdeko hamazazpi gazteren aurkako epaiketan Sagarzazuren aurkako karguak erretiratu ditu epaileak. Atzo auzitegira ez agertzea erabaki zuten hirurak dira espetxera bidali dituenak. Bihar atxiloketetan eta operazioan parte hartu zuten poliziek deklaratuko dute.

2011ko uztailaren 19a
18:22
Entzun

Oiartzualdeko hamazazpi gazteren aurkako epaiketan Imanol Sagarzazu gaztearen aurkako karguak erretiratu egin dituzte eta absolbituta geratu da. Epaileak epaiketak iraun artean espetxera bidali ditu Urbe, Mujika eta Zabala, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta. Atzo Auzitegira azaldu ez eta Errenterian (Gipuzkoa) atxilotuak izan ziren hirurak dira espetxera bidali dituenak.

Defentsak esan du ez dutela ihes egingo, atzo horretarako aukera izanda ere, ez zutelako ihes egin. Epaileak ordea kartzelara bidaltzea erabaki du eta hor egongo dira epaiketa amaitu bitarte. Aldaketarik ez bada, datorren astean izango du segida epaiketak, eta irailean ez da saiorik izango. Epaiketa irailera atzeratuko balute, kartzelan jarraitu beharko lukete gazte horiek. Baina azken aukera hori ez dela izango jakinarazi du, printzipioz, epaileak.

[YouTube]http://youtu.be/KClf_ShiHQ4[/YouTube]

Gaur izan da Oarsoaldeko hamazazpi gazteren kontrako epaiketaren bigarren saioa. Goizez bakarrik egin dute saioa, 10:00etatik 14:30ak aldera. Gazte guztiek deklaratu dute, eta guztiek ukatu dituzte euren kontrako akusazioak. Baita atzo epaiketara aurkeztu ez ziren hiru gazteek ere.

Atzo hasi zen epaiketa

Atzo hasi zen Madrilen Oarsoaldeko hamazazpi gazteren aurkako epaiketa. Segikoak izateaz akusaturik, hamazazpi gazte ziren epaitzekoak baina hamalau soilik agertu ziren Auzitegi Nazionalean. Oiartzungo Oihana Mujika eta Iker Zabala, eta Errenteriako Egoitz Urbe ez ziren epaiketara joan.

Hiru auzipetu horiek, ez dutela inolako deliturik egin sinetsita, Foru Plazan geratu ziren 300 bat herritarren babesarekin. Arratsaldean, akusatuak atxilotzera joan zen Ertzaintza, baina ez zuen lortu. Auzipetuak plazako kioskoaren teilatura igo ziren, eta, hori ikusita, joan egin ziren ertzainak. Iluntzean egin zuten bigarren saioa ertzainek. Eskilara hartuta joan, kioskoaren teilatura igo, eta hiru auzipetuak eraman egin zituzten 19:45ak inguru zirenean, herritarren protesten artean.

Bost gaztek deklaratu zuten atzoko saioan, haien abokatuen galderei erantzunda: Xabier Lujanbiok, Haizea Iriartek, Beñat Burladak, Jon Aitor Alberdik eta Iosu Arruabarrenak.

Bostek ukatu zituzten akusazioak, bostek salatu zuten 2008ko apirilean atxilotu zituztenean torturatu egin zituztela, eta bostek ukatu zituzten inkomunikazio egoeran atxilotuta izan zituzten egun haietan polizien aurrean esandakoak. Epaileei azaldu zietenez, jasan zituzten tratu txar haien eraginez egin zituzten beren buruak kulpatzen zituzten deklarazioak.

Biharko saioan poliziek deklaratuko dute

10:00etan jarri dute ordua biharko saioa hasteko. Atxiloketak egin eta operazioan parte hartu zuten poliziek deklaratzeko txanda izango da. Biharkoa izango da aste honetako azken saioa, auzipetuek datorren astean itzuli beharko dute epaiketarekin jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.