'18/98 auziko' epaiketa

Epaiketaren baldintzek Gorostidiren heriotza eragin dutela salatu dute auzipetuek

"Madrilera astero astero joan behar izateak, desgaste fisiko eta psikiko izugarria sortzen ari da", azpimarratu du gaur Teresa Toda '18/98 auziko' auzipetuak Donostian egin duten agerraldian. Epaimahaiak osasun arazo batzuen aurrean izan duen jarrera "oso gogorra" izan dela salatu du. Finean atzo iluntzean hil zen Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militante historikoa "inposatutako baldintzengatik" hil dela azpimarratu du.

2006ko apirilaren 26a
20:50
Entzun
Behin eta berriz eten den epaiketa, behin betiko bertan behera utzi beharko litzatekeela esan du Todak. Izan ere, hogeita sei aldiz eten dute epaiketa. Todarekin batera, Txente Askasibar, Olatz Altuna, Mikel Korta eta Paul Asensio 18/98ko auzipetuak izan dira gaurko agerraldian, beste hainbat auzipetu alboan zituztela.

Epaimahaiak auzipetuekiko izan duten jarrera gogora salatu du Teresa Todak guztien izenean. Gogorarazi ditu, besteak beste, astero Madrilera joan behar izateak sortzen duen desgastea eta dakarren kostu ekonomikoa. "Gutako bakoitzak lana galdu, beste batzuk lan egoera berezian, osasun arazoak hasi dira ateratzen eta horien eredu dira jendeak baja hartu behar izan duela desgaste fisikoagatik eta bizi dugun egoeragatik".

Horiez gain, akusatuekiko gutxiespena ere aipatu du Todak:"Epaimahaiak ez gaitu pertsona bezala tratatzen eta oso garbi ikusten da hitza kentzen digutenean". Atzo iluntzean hil zen Jokin Gorostidi gogoan bereziki azpimarratu du osasun arazo batzuekin epaimahaiak "oso jarrera gogorra" izan duela. "Duela bi egun Jokinen egoera sentitzen zutela entzutea guretzat hipokresia hutsa izan da, azken finean Jokin inposatutako baldintzengatik hil delako".

Epaimahaiaren jarrera horren aurrean, baina, Euskal Herrian izan diren mobilizazioak azpimarratu dituzte. "Kontrapuntua jarri dute Euskal Herrian izandako mobilizazioek eta euskal gizartearen erantzunak". Izan ere, auzipetuek badakite "herri hau ere bere eskubideen alde borrokatzeko prest dagoela eta baita gaureen alde", adierazi du Todak.

Gizartearen erantzunak ere izan du, ordea, beste kontrapuntu bat. Auzipetuek salatu dutenez, "konpromiso aktiboagoa" somatu dute faltan "instituzio eta hainbat euskal eragileren aldetik". Hitz politak entzun dituzten arren ekintzak falta izan dira Todak adierazi duenez. "Zentzu honetan Eusko Jaurlaritzaren jarrera momentu batzuetan larria ikusi dugu, arazo potolo eta serio bat baitago".

"Ohorea izan da Jokinekin auzipetuen aulkian esertzea"

Teresa Todaren ostean Mikel Kortak hartu du hitza eta beste behin epaiketa bertan behera utzi behar dela exijitu du. Epaiketa honek zentzurik ez duela sarritan entzundako esaldia izan dela gogorarazi du Kortak. "Lehen ez bazuen, uneotan zabaltzen ari den prozesuan zentzu gutxiago", azpimarratu du. Horrexegatik, "epaiketa hau eta etortzear dauden guztiak" eten egin behar direla azpimarratu du. "Epaitegi hau [Espainiako Auzitegi Nazionala] ere desagertu egin behar da prozesu politikoan aurrerapausoak eman nahi badira".

Mikel Kortak ere izan du gogoan Jokin Gorostidi. Lehenik dei egin dio euskal gizarteari "egingo zaizkion omenaldi eta ekitaldietan parte hartzeko, Jokinek hala merezi duelako". Bestalde Kortaren hitzetan "ohorea" izan da, Gorostidi bezalako pertsona eta militaten batekin inputatuen aulkian esertzea. Eta ohorea dela azpimarratu du Kortak; izan ere, "Auzitegi Nazionalean Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik inputatua eta epaitua izatea guretzat ohorea delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.