Espainiako Auzitegi Nazionalean aste honetan hasi diren Segiren eta 'herriko tabernen' kontrako epaiketak salatzeko ekitaldia egin dute Donostian, Herri Harresiak deituta. Hainbat auzotatik Groseko Katalunia plazara heldu dira martxetan, han denak batera ekitaldian parte hartzeko.
Joseba Permachek hartu du hitza auzipetu guztien izenean. Haren ustez, Espainiako Gobernuak ez duela auzia konpontzeko "batere borondaterik" erakusten dute bi "makroepaiketa politikoek".
Hain justu, bere iritziz, ez da kasualitatea Aieteko Adierazpenaren bigarren urteurrenarekin bat abiatzea prozesuok: "Erabaki politiko bati erantzuten diote". Baina Euskal Herritik Euskal Herrira begira lan eginez, jarrera "itxi"horiek alda daitezkeela uste du, eta horretarako, mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du. Datorren larunbatean manifestazioa antolatu dute Bilbon, "irtenbide demokratiko, eta eskubide zibil, politiko eta Euskal Herria libre baten alde"