Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gaur goizean epailearen esku utzi dute Jose Luis Gamarra; hau da, Anesvad GKEko presidentea, erakundearen diru funtsez jabetzea egotzita ostegun gauean atxilotu zutena. Presidentea atxilotzeaz gain, Anesvaden Bilboko egoitza miatu zuten ertzainek zenbait orduz.
Nolanahi ere, presidentearen ustezko delitu jarduerekin ez dutela zerikusirik azpimarratu nahi izan dute azken orduetan Anesvadeko kide eta langileek. Hala, atzo ohar bat plazaratu zuten, eta presidentearen jarduerekin zerikusirik ez dutela adierazteaz gain, elkartasun ekintzetan lanean jarraitzeko asmoa agertu zuten.
Era berean, Anesvadek berak ohar batean jakinarazi duen moduan, orain bi urte zuzendaritzako bi ordezkari kanporatu egin behar izan zituzten, GKEren funtsak eskuratu zituztelako. Erakundearen arabera, gainera, orain bi urteko jarduerak daude gaur egungo ikerketen oinarrian. Zuzendaritzako bi kide haiek sortutako kalteak konpontzeko egindako jarduerak aztertu nahi dituzte, itxura guztien arabera. Anesvadek argitu nahi izan du bazkideen ekarpenak garapena lortzera bideratzea izan dela euren helburua. «Eta hori da GKEko ordezkari guztien etorkizuneko asmoa: garapen bidean dauden herrialdeetako milioika pertsonaren bizimodua hobetzen laguntzea».
Anesvad Fundazioaren Patronatuak behin-behinean errektoreen batzarra sortzea erabaki du, egoera argitu eta beste presidente bat aukeratu arte.
Javier Olazabal josulagunak sortu zuen Anesvad elkartea, 1968. urtean, herrialde txiroetako gaixoei laguntzeko. 160.000 bazkide ditu gaur egun elkarteak, eta 25 herrialdetan aritzen dira lanean. Bazkideen eta erakundeen ekarpenei esker, Anesvadek urtean 35 milioi euro jasotzen ditu. Baliabide horiei esker, herrialde txiroetan legenaren eta hiesaren aurka borrokatzeko programak bultzatzen dituzte, batez ere Filipinetan.
Gizartea
Epailaren esku utzi du Ertzaintzak Anesvadeko presidentea
Ostegun gauean atxilotu zuten, gobernuz kanpoko erakundearen diru funtsez bidegabeki jabetzea egotzita. Presidentearen jarduerekin ez dutela zerikusirik agertu dute Anesvadeko langileek, eta elkartasun ekintzekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu