hizkuntz normalizazioa

Epaile eta fiskalek ez dute euskara derrigorrez jakin beharko EAEn lan egiteko

Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko onartutako dekretuaren xedapen bat baliogabetu du gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Xedapen horren bidez epaileei eta fiskalei euskararen derrigorrezko ezagutza ezarri zien Jaurlaritzak. Gaur bertan behera geratu da xedapen hori. Gaurko epaiaren ondorioz epaile eta fiskalei ezingo zaie euskararen ezagutza exijitu. Behatokiak gogor salatu du epaia eta gaineratu du "hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko urrats berri bat" egin dutela epaileek.

2006ko urriaren 9a
19:52
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ustez Jaurlaritzak ez dauka eskumenik epaile eta fiskalei euskararen derrigorrezko ezagutza ezartzeko. Gai horri buruzko erabakiak hartzea Espainiako Gobernuari dagokio.

2001ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioan hizkuntza normalizatzeko dekretua. PPk orduan helegite jarri zuen eta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du euskararen derrigorrezko ezagutza ezartzen zuen xedapena. Aurrerantzean, beraz, epaile eta fiskalek ez dute euskara nahi eta nahi ez jakin beharko Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan lan egiteko.

"Hizkuntza eskubideen urraketak betikotu egiten dira"

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai gogor salatu du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. "Justizia arloan hizkuntza-eskubideak behin eta berriro urratzen dira", salatu du Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak.

Gogorarazi du hizkuntza eskubideak bermatzeko Justizia euskaldundu beharra dagoela eta aterabide bilatu beharrean arazoa bere horretan mantentzen duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak: "Egoera horri irtenbidea bilatu beharrean hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeko urrats berri bat egin dute epaileek".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.