Bilboko Auzitegiak baztertu egin du Ugarteko ezizenez ezagututako ertzainburuak Gara egunkariaren, haren zuzendari Iñaki Sotoren, Naiz.eus atariaren, Iñaki Iriondo kazetariaren eta Jone Goirizelaia Iñigo Cabacas zenaren senideen abokatuaren aurka jarritako salaketa. Webguneak eman du albistearen berri, eta bihar argitaratuko ditu Gara-k epaiaren inguruko xehetasunak.
Ugartekok 250.000 euro eskatu zizkien Gara-ri eta Goirizelaiari, bere "ohorea eta intimitatea" urratzea egotzita. Kazetak grabazio ugari argitaratu zituen; Ugarteko ageri zen Cabacas hil zuten gaueko operatiboko aginduak ematen.
Epaileak ebatzi du kazetariak eta abokatua ez zirela bere eginbehar profesionalez harago joan, eta Ugartekoren aginduen eta Iñigo Cabacas hil zuen pilotakadaren arteko lotura egiazkoa dela, iturriak "fidagarriak eta benetakoak" direlako.
Gainera, Ugartekoren identifikazioaren inguruan, epaileak uste du argitaratutako datuen garrantzia dela-eta, informazio askatasuna lehenetsi behar dela Ugartekoren intimitate eskubidearen aurretik. Hogei eguneko epea du Ugartekok helegitea aurkezteko.