Iruñeko 4. instrukzio auzitegiak artxibatu egin du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Kontuz plataformaren eta Patxi Zamora bozeramailearen aurka jarritako salaketa. Martxoaren 12an iragarri zuen Barcinak auzitara eramango zuela Nafarroako Kutxako kontsumitzaile eta bezeroen plataforma. Salaketa faltsuak egitea eta iraintzea egotzi zien Barcinak Kontuz-i eta Zamorari.
Kontuz pozik azaldu da auzitegiaren erabakiagatik, eta kaleratu berri duen oharrean jakinarazi du kereilaren artxiboa zela espero zuten "hipotesi bakarra". Nahiz eta autoa errekurritu egin daitekeen, "lasai" daudela azpimarratu du: "Ez dugu akusatzen zaigun deliturik egin".
Plataformak urtarrilean fiskaltzari jakinarazi zion Barcinak Navarra Building sozietatearen inbertitzaileetako bat izan zela. Sozietate horren helburua zen Nafarroako Kutxaren 25 saltzea eta ondoren alokairuan eskaintzea kutxari. Inbertsio hura oso bezero jakinei eskaini zien CANek 2009 amaieran, tartean Barcina bera, garai hartako aurrezki kutxako kontrol batzordeko presidentea. Horregatik, Nafarroako Kutxako hainbat operaziotan informazio pribilegiatua baliatzea egotzi zion Kontuz-ek.
Fiskalak erabaki zuen ez zuela nahikoa delitu zantzurik antzeman. "Dena den, dagokion epaiketan salaketa jartzeko aukera dugu eta hori egiteko zain gaude. Dena den, fiskalaren auto hori saiatu zen auzitegietan kereila jartzeko eta ez dio balio izan". Kontuz-ek gogorarazi du Navarra Building-en operazio hura Espainiako Bankuaren iritziaren kontra egin zela, eta ez zutela horren berririk urtarrilean, fiskalari ikertzeko eskatzerakoan.
Epaileak ez du aintzat hartu Barcinaren salaketa, eta artxibatzea erabaki du. Helegitea jar daiteke ebazpen horren aurka, hiru eguneko epean.
Azalpenak parlamentuan
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak azalpenak emango ditu Nafarroako Parlamentuan Nafarroako Kutxako estatutuen aldaketaren eta kutxako fundazioaren etorkizunaren inguruan. Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta mahaiak gaur adostu dute Barcinak agerraldi bat egitea. Harekin batera emango dituzte azalpenak Juan Francok, Jose Antonio Razkinek eta Pedro Ugaldek. Nafarroako Kutxako kudeaketa batzordeko kideak dira hirurak.