atxiloketak

Epaileak Askapenako kideen atxiloaldirako hainbat neurri hartu ditu, baina AAMk dio ez direla nahikoak "tortura saihesteko"

Atxilotuek aldiro konfiantzako medikuarekin egoteko aukera izango dute, senideei haiek non dauden eta nola dauden esango diete, eta atxiloaldia bideo kameraz grabatuko dute. Gabi Basañez, Unai Vazquez, Itsaso Lekuona, Walter Wendelin, Ruben Sanchez, David Soto eta Haritz Ganboa Madrilen dauzkate atzotik, inkomunikatuta.

2010eko irailaren 29a
15:49
Entzun
Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Askapenako kideen atxiloaldirako hainbat neurri hartu dituela jakinarazi du gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Atxilotuen abokatuek eskatuta hartu ditu neurriok Ruzek: atxilotuek aldiro konfiantzako medikuarekin egoteko aukera izango dute, senideei haiek non dauden eta nola dauden esango diete, eta atxiloaldia bideo kameraz grabatuko dute.

AAMk, hala ere, "argi" du neurri horiek ez direla nahikoak "tortura saihesteko". Izan ere, "aurrez antzeko neurriak aplikatu zizkieten atxilotu batzuk torturatu egin izan dituzte. Bestetik, abokatuek ez dute oraindik inoiz lortu atxiloaldiko bideoak ikustea".

Askapenako zazpi kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak atzo, "ETAren nazioarteko frontea" osatzea egotzita. Hain zuzen, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Itsaso Lekuona, Walter Wendelin, Ruben Sanchez, David Soto eta Haritz Ganboa dira atzeman zituztenak. Inkomunikatuta dauzkate, Madrilen.

AAMren arabera, inkomunikazioa bukatzea ezinbestekoa da torturarik ez izateko.

Gasteizen hainbat lagunek Askapenaren aldeko agerraldia egin dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.