Ertzaintzak sei gizon atxilotu zituen talde bortxaketa bat egiteagatik abuztuaren 1ean, Bilboko Etxebarria parkean. Atzo eta gaur ezagutze saioak egin dizkiete akusatuetako bosti, fiskaltzak eskatuta, Bilboko laugarren instrukzio epaitegian. Akusatuetako biri atzo egin zieten lehenengo saioa; biktimak ez zituen identifikatu. Haietako bat espetxean dago, eta hala edukitzea erabaki du epaileak; izan ere, erasotzaile baten zauriak deskribatu zituen biktimak salaketa jartzean, eta deskribapen hori bat zetorren akusatuak zituen zauriekin.
Gaur egin dituzte probak akusatutako beste hirurekin, eta haiek identifikatu egin ditu biktimak. Hori ikusita, biktimaren abokatuek eta fiskalak akusatuak espetxeratzeko eskatu dute. Epaileak, baina, aske utzi ditu hiru akusatuak. Horietako bi utzi ditu aske lehenengo, antza, talde bortxaketa izan zenean beste toki batean zeudeneko irudiak baitituzte. Hirugarrena, ordea, epailearen erabakiaren zain gelditu da. Azkenean, hirurak utzi ditu aske epaileak, oraingoz. Iturri judizialen arabera, hirugarren akusatua aske uztearen arrazoia biktimak atzo figurante bat talde bortxaketaren egileetako bat bezala identifikatu izana izango litzateke.
Taldeko bortxaketaren ondoren, sei gizon atxilotu zituen Ertzaintzak; bi preso daude orain, eta beste laurak baldintzapean libre utzi zituen epaileak. Haietako bostekin egin dituzte ezagutze saioak atzo eta gaur —seigarrenaren deskribapen zehatza egin zuen biktimak, eta horregatik sartu zuten espetxean—.