euskal herria

Epaileak aske utzi ditu Leitzako alkatea eta auzipetutako bi leitzarrak, baina auzibideak aurrera jarraitzen du

Leitzako alkateak eta bi herritarrek deklaratu dute Auzitegi Nazionalean. "Terrorismoa goratzeagatik" daude inputatuta hirurak. Nafarroako Bilduko hainbat kideren eta Leitzako herritarren babesa izan dute akusatuek.

2011ko irailaren 8a
16:43
Entzun

Deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Oier Eizmendia Leitzako alkateak eta aurtengo herriko festetan txupinazoan parte hartzeagatik auzipetuta zeuden bi leitzarrak, Saioa Iraolak eta Lurdes Juantorenak. Madriletik jakinarazi dutenez, euren aurkako auzibideak aurrera jarraitzen du. 

11:00etan hasi dira deklaratzen Auzitegi Nazionalean. "Terrorismoa goratzeagatik" inputatu dituzte hirurak; alkatea, jaietako egitarauean euskal presoen aldeko topa antolatzeagatik eta beste biak txupinazoan preso baten argazkia kamisetan eramateagatik eta euskal presoen aldeko mezua zabaltzeagatik.

Eizmendik esan du solidarioak udaletxeko balkoira atera zirenean bera udaletxe barruan zela harrera ofizial batean eta ez zela kanpoan gertatzen zenaz konturatu. Gainera, alkatetzara ekainean iritsi zela azaldu du, eta herriko festen prestaketan ez zuela berak parte hartu.

"Koalizioaren ibilbidea zikindu nahi duen muntaia"

Nafarroako EAko presidente eta Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek salatu du Oier Eizmendi Leitzako alkatearen aurkako inputazioa "koalizioaren ibilbidea zikindu nahi duen muntaia" dela. "Akusazioek ez dute ez hanka ez buru" esan du Ramirezek. "Jazarpen eta muntaia hauekin lortzen duten gauza bakarra da euskal jendartearen eskubide zibil eta sozialen aurkako eraso edo indarkeriak lekurik ez duen prozesu atzeraezin bati trabak jartzea".

Nafarroako Gobernuari eta Estatuko erakundeei eskatu die egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela eta akusazio faltsuak egiteko garaiak iraganerako utz ditzatela.

Ramirezek Auzitegi Nazionalaren atarian egin ditu adierazpenak. Alkateari eta deklaratzera joan behar izan duten beste bi herritarrei laguntzera joan da Ramirez Madrilera, Bilduko parlamentari den Aitziber Sarasolarekin batera.

Bilduko kideek emandako babesaz gain, herritarren elkartasuna ere jaso dute hiru akusatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.