Tafallako Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileak aske uztea erabaki du asteartean bere aita hiltzea leporatuta atxilotu zuten Erriberriko (Nafarroa) gaztea. Asteartean hil zen gizonezkoa, Erriberrin, ustez M.R.R. semeak «objektu gogor» batekin jo ondotik. Hildakoaren gorpuari autopsia egin diote, eta, bertan ikusitakoaren arabera, ordea, gizonezkoa bihotzeko baten ondorioz hil zen, eta ez, hasieran uste zen bezala, jatorri traumatikoa zuen kolpe baten ondorioz.
Epaileak aske utzi du 27 urteko akusatua, eta fiskaltzak ez du kautelazko neurririk ezartzeko eskatu.
Heriotza izan eta berehala atxilotu zuen Guardia Zibilak gaztea, eta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, eta atxilotu zutenean mutilak ez zuen aurkako jarrerarik agertu. Merindad de Ultrapuertos kalean izan zen gertaera. Ustezko erasotzailea gurasoekin bizi da, eta haren anaia gazteago bat ere bai. Erriberrikoak bertakoak dira.
Jorge Bakaikoa jarduneko alkateak lasaitasun mezua helarazi zien herritarrei, eta bi eguneko dolua ezarri zuen atzo.