18/98 auzia

Epaileak aske utzi du Jose Luis Elkoro, epaia irmoa izan artean

Bermerik jarri gabe utzi dute libre, osasun arazoengatik. Asteazkenean atzeman zuen Guardia Zibilak. '18/98 auzian' zigorrik gogorrena jaso duen auzipetua da Elkoro: 22 urteko kartzela. 72 urte dauzka ezker abertzaleko militante historikoak.

2007ko abenduaren 7a
17:01
Entzun
Angela Murillo 18/98 auziko epaimahaiburuak Jose Luis Elkoro auzipetua osasun arazoengatik bermerik gabe libre utzi duela jakinarazi du gaur. Ezker abertzaleko militante historikoa da Elkoro, eta Bergaran (Gipuzkoa) atxilotu zuen Guardia Zibilak asteazkenean. Kaleko janzkeran zein uniforme jantzian joan ziren hainbat guardia zibil haren etxera, eta han atxilotu zuten.

72 urte ditu Elkorok eta 18/98 auzian zigorrik gogorrena jaso duen pertsona da. Atxilotze autoak jasotzen duenez, 22 urteko espetxeratzea ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak (zigorra 18 urtekoa zela plazaratu da orain arte, berri agentzien filtrazioen arabera). Egin egunkaria editatzen zuen Orain editorako presidente izana da, eta atal horren barruan epaitu zuten. Horrez gain, Bergarako alkate ere izana da militante historikoa, eta Espainiaren trantsizio garaian euskal alkateen mugimenduko buruetakoa ere bai. Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izana da, eta baita Espainian senatari ere.

18/98 auzian ezarritako zigorra betetzeko epaia eman aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak atxilotzeko agindu zuen 46 lagunetatik 40 atxilotu dituzte ostiralaz geroztik guardia zibilek eta Espainiako poliziek. Beste hiru espetxean zituzten aurrez, eta, beraz, hiru atxiloketa dituzte egiteko: Inma Berriozabal, Nekane Txapartegi eta Mikel Zuluagarenak.

Epaia irmoa izan bitartean, 46 haietatik beste sei hogeina mila euroko bermepean aske uztea erabaki du aste honetan Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren sekzioak, sententzia emango duen epaimahaiak: Joxemi Zumalabe Fundazioa ataleko lau auzipetu -Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Mario Zubiaga eta Alberto Frias- eta Orain ataleko bi -Xabi Otero eta Iñaki Zapiain-. Ordaindu zuten bermea, eta aske dira.

Hilaren 19an irakurriko du epaimahaiak sententzia, Madrilen, Casa de Campon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.