Urrutikoetxeari ez zioten deliturik egotzi, baina hura atxilotzeko indarrean diren hiru agindurengatik erabaki zuen epaileak behin-behinean espetxeratzea. Zehazki, 2007an eta 2009an eman zituen Parisko auzitegi korrekzionalak Urrutikoetxea bilatu eta atxilotzeko hiru agindu, ETAri laguntzea leporatuta. "[Iraileko operazioan] ETA burugabetu ostean, errebelorik onena atzeman dugu", azaldu zuen Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek atxiloketaren egunean.
Parisko Dei Auzitegian deklaratu zuen urri amaieran. Maulen, hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan hura aske uztearen alde. Urrutikoetxeak bizitza arrunta zeraman Parisen; unibertsitate ikasketak egiten ari zen, eta han bizi izan da azken urtebetean.