Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utzi du Donostiako alkatearen idazkari ohi Josetxo Ibazeta, gaur goizeko hamarretatik aurrera auzitegian hartu ondoren. Pasaportea kendu dio epaileak, eta Ibazetak hamabostean behin gertuen duen auzitegira sinatzera joan beharko du —Donostian bizi da—.
Ibazeta inputatuta joan da Auzitegi Nazionalera, Espainiako selekzioaren garaipen bat zela-eta honen jarraitzaile batzuei Donostiako Parte Zaharrean "Gora ETA militarra!" oihukatzeagatik eta ustez hatzekin pistola baten keinua egiteagatik. Mehatxuak egin izana eta "terrorismoa" gorestea egotzi dio Pedro Martínez Torrijos fiskalak.
Ibazetak ukatu egin du Espainiaren zaleak mehatxatu egin zituela, eta azaldu du haiek "probokatu" egin zutela, bere alderdiari kalte egiteko asmoz. ETA goresteko asmorik ez zuela adierazi du, baina aitortu du bere jokabidea ez zela "zuzena eta egokia" izan.
Ezker abertzaleko kidea da hura, eta Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkatearen idazkaria izan zen aipatutako gertaera publiko egin arte. Berak eman zuen dimisioa orduan.
Hainbat lagunek lagundu diote gaur auzitegi atarira.
Ezker abertzaleak atzo salatu zuen Ibazetak "probokazio bati" erantzun ziola.