Politika

Epaileak baldintzapean libre utzi ditu Espainiako Poliziak asteazkenean Donostian atxilotutako lau lagunak

Iñaki Coloma, Ekaitz Ezkerra, Ion Etxeberria eta Martin Mendizabal kale erasoak egitea leporatuta atzeman zituzten. Eguerdian hartu die deklarazioa Fernando Andreuk, eta astean behin epaitegian sinatzera behartu ditu. Gaur arratsaldean manifestazioa izan da Donostian.

2007ko azaroaren 10a
18:05
Entzun
Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utzi ditu gaur Espainiako Poliziak asteazkenean Donostian atxilotutako lau gazteak: Iñaki Coloma, Ekaitz Ezkerra, Ion Etxeberria eta Martin Mendizabal. Laurek astean behin epaitegira sinatzera joan beharko dute. Poliziak kale erasoak egin dituztelakoan eta Segi legez kanpoko erakundeko Donostiako zuzendaritzakideak direlakoan atzeman zituen laurak, eta hogei bat etxe miatu zituen orduan.

Epaileak gaur eguerdian hartu die deklarazioa Coloma, Ezkerra, Etxeberria eta Mendizabali, Madrilen, eta arratsaldean jakin da erabakia. Laurek ukatu egin dituzte akusazioak.



Espainiako Poliziaren operazioa salatzeko manifestazioa egin dute gaur Donostian. 17:00etan hasi da, Artzain Onean, eta Bulebarrean bukatu, Faxismoaren gainetik independentzia lelopean.

Urriaren 30ean Poliziak Donostian bertan Mikel Arretxe, Peio Lamarka, Egoi Alberdi, Ekaitz de Ibero, Unai Perez, Jon Sardon eta Julen Garmendia atzeman zituen, kale erasoak egitea egotzita. Fernando Grande Marlaska epaileak haietatik bost kartzelan sartu zituen; Sardon eta Garmendia utzi zituen aske.

AAMen salaketa

Amnistiaren Aldeko Mugimenduek (AMM), gaur Donostian Trinitate Plazan egindako agerraldian, Espainiako Poliziak azken asteetan egindako operazioak salatu ditu, “helburua gazteria antolatua kriminalizatzea delako”. “Baina arazoa ez dute gazteekin, baizik eta herri oso batekin”, esan dute. Atxilotuen senideekin eta hainbat herritarrekin egin dute agerraldia AMMek.“Errepresioaren kolaboratzailetzat” jo dituzte Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.