Iruñeko Sarasate pasealekuko etxebizitza bat okupatzeagatik atxilotutako hiru gazteei ez diete epaiketa azkarrik egingo. Aldiz, bitartekaritza penala ezarri du epaileak, bi aldeak akordioa lortzen ahalegindu daitezen. Atxilotuen abokatuak eskatuta hartu du epaileak erabaki hori, eta ontzat eman dute hura Hirekin kolektiboko kideek ere. Azken horiek nabarmendu dute era horretan "errepresioa" eta hiru gazteen kontrako kartzela zigor "bidegabeak" saihestuko dituztela.
Joan den urriaren 7an egin zuten ekintzak etxebizitza eskubidea aldarrikatzea zuen helburu. Baina protesta hutsa izan behar zuena istiluekin amaitu zen, Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia bertaratu zirenean. Etxebizitza eskubidearen aldeko plataformak salatu du gaur Udaltzaingoak "gehiegizko indarkeria erabiliz" eten zuela "protesta soziala". Hirekin-en arabera, bestalde, okupazioaren egunean ez ezik, hurrengo egunetan ere segurtasun indarrek hainbat lagun identifikatu zituzten.