Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia, Javier Caballero UPNko parlamentaria, Carlos Garcia Adanero UPNko talde parlamentarioko bozeramailea eta Samuel Caro PSNko parlamentaria. Iruñeko 3. Instrukzio auzitegiak seirak deitu ditu Nafarroako Kutxako auzian deklaratzera.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak eman du horren berri. Lekuko gisa deklaratuko dute guztiek, eta maiatzaren 10ean hitz egingo dute epailearen aurrean.
Jimenezek esan du "lasai" joango dela deklaratzera, lekuko baten eginbeharra "justiziari laguntzea" dela argudiatuta. Carok, berriz, uste du "logikoa" dela bera deitzea deklaratzera —Entitate Sortzaileen Batzordeko kide zen Caro—, eta gaineratu du ez zuela Batzorde Iraunkorraren berri. Garcia Adanerok, berriz, esan du "justiziari laguntzera" joango dela deklaratzera: "Prozesu judizial batean gaude; beharrezkoa den guztia erantzungo dut".
Apirilaren 12an, 15ean eta 16an, inputatu gisa deklaratu zuten Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilari ohiak. Sanzek adierazi zuen ez ziola arretarik jartzen dietetan kobratzen zuen diruari, eta kontzientzia "lasai" zuela azaldu zion epaileari Maiak. "Gardentasunez" jokatu zuela argudiatu zuen Mirandak.